Bularrezko minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Zarauzko Udalak eta Berdintasun Sailak Mabel Lozanoren Lola, Lolita, Lolaza animaziozko film laburra emango dute ostegunean, 19:00etan, Modelo aretoan. Gainera, Lozano bera presente izango da emanaldian, eta herritarren aurrean aurkeztuko du ekoizpena. Sarrerak doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte, eta besteak beste, Zarauzko Minbiziaren Kontrako Elkarteko, Iñurri elkarteko eta Emakumeen Etxeko punto terapia taldeko kideek ere parte hartuko dute.
Zinemagileak bere esperientzia pertsonala kontatzen du ikus-entzunezkoan, bularreko minbiziari aurre eginez bizi izandakoak, hain zuzen ere. Animazioa erabiltzen du gaixotasunak emakumeen gorputzari eta nortasunari nola eragiten dion erakusteko. Tabuak hausteko helburuarekin, beren bizitzaren, memoria onkologikoaren eta ahazteko eskubidearen inguruan hausnartzeko gonbidapena egiten du Lozanok. Ikus-entzunezkoak 2025eko Goya sarietarako izendapena jaso zuen.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia klixeak aldatzeko beharrari buruz mintzatu da: "Emakumeen gorputzarekin lotutako tabu asko ditugu, eta askotan gaixoaren ondoan, bere burua eta irudia gaixotasunaren aurretik jartzen zazkio". Gainera, osteguneko emanaldia bezalako ekintzek isilpeko galderak "ahots" bihurtzen dituztela ere nabarmendu du. Izan ere, hitzordu hori baliatu nahi dute elkarrizketa eta kontzientziazio espazio bat sortzeko eta emakumeen osasuna nahiz aniztasuna eztabaidaren erdigunean jartzeko.