Langileek gogor gaitzetsi dute Palestinaren aurkako genozidioa

Aritz Mutiozabal 2025eko urriaren 15a

Ordu erdiko elkarretaratzea egin dute eguerdian Lege Zaharren Enparantzan, ELA sindikatuak deituta, Israeli boikota, lanuzte orokorra lelopean. Arratsaldean, Gernika Palestinak deituriko mobilizazioa izango da toki berean.

Euskal Herriko sindikatuek deituta, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta palestinar herriari babesa emateko lanuzteak eta elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian Zarautzen, hainbat lantegitan –KSB Itur eta Gureak Zarautz, esaterako– eta esparru publikotan. Era berean, ELAk deituta, elkarretaratzea egin dute 12:00etan, Lege Zaharren Enparantzan.

Ordu erdiko bilkura izan da, eta dozenaka langile bertaratu da Gazako genozidioa gogor gaitzestera. Israeli boikota, lanuzte orokorra mezua zeraman pankarta zabaldu dute, eta Palestinako hainbat bandera astindu dituzte, makina bat aldarri eginez. Amaieran, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete bertaratu diren guztiei, eta arratsalderako antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte.

Hain zuzen ere, Gernika Palestina herri ekimenak hitzorduak jarri ditu herriz herri, 19:30etik aurrera, eta Zarautzen ere ez dute hutzik egingo. Lege Zaharren Enparantzan elkartuko dira protesta zaratatsua egiteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide