Hauspoz Euskal Akordeoi Elkarteak antolatuta, Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko XVII. Konposizio Lehiaketaren sari banaketa egingo dute igande honetan. Sariketaren entzutea sendotuz doa nazioartean, eta aurten 40 nazionalitatetako 135 konpositore baino gehiagok aurkeztu dituzte beren obrak, aurreikuspen guztiak gaindituz. Aurtengo edizioan, 128 konpositorek parte hartu dute lehen modalitatean –kontzerturako lanean– eta zazpik bigarren modalitatean –lan pedagogikoan–.
Modelo aretoan izango da ekitaldia, 12:30ean aurrera, eta, bertan, aurreko edizioko lan sarituen estreinaldiekin gozatzeko parada izango dute bertaratzen direnek, baita aurtengo sarituen izenak jakinarazteko ere. Era berean, Garazi Navas eta Maria Zubimendi akordeoi jotzaileek osatutako Expressio Duo bikoteak Jesus Guridiren bi lanen transkripzioak eskainiko ditu, ekitaldia girotzeko bereziki hautatuak.
Aurtengo estreinaldiei dagokienez, ondorengoak interpretatuko dituzte: Stefano Bonilauri konpositore italiarraren akordeoi-triorako Vento, piangi veloce lana, XVII. edizioko obra irabazlea; Elias Frisk suediarraren biolin eta akordeoirako In Silhouete obra, epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuena; Tomasz Skweres poloniarraren Fear lana, XVI. edizioan aipamen berezia eskuratu zuena; eta Lucien Danzeisen suitzarraren Muntogna Magica lana, aurreko edizioko obra pedagogikoen modalitateko garailea.
Aipatu obra horiek akordeoi garaikidearen belaunaldi berriko ordezkari adierazgarriek interpretatuko dituzte: Jessica Reis, Julen Murga, Irene Miguel, Rebecca Goodman, Garazi Navas eta Juan Matías musikariek, hain zuzen ere.