Palestinako genozidioa salatzeko, lanuztera eta protestara deitu dute biharko

Julene Frantzesena 2025eko urriaren 14a

Pertsona bat Palestinako bandera astintzen, Lege Zaharren Enparantzan. (Aritz Mutiozabal)

Palestinari babesa agertzeko lanuztera eta grebara deitu dute sindikatuek biharko, eta protestarako hainbat hitzordu zehaztu dituzte; ELAk 12:00etan egingo du elkarretaratzea Zarautzen, Lege Zaharren Enparantzan, eta Gernika Palestina herri ekimenak 19:30ean egingo du bilkura.

Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta palestinar herriari babesa emateko lanuztera eta mobilizatzera deitu dute Euskal Herriko sindikatuek eta eragileek biharko. Askotariko deialdiak egin dituzte han eta hemen, eta Zarautzen ere izango dira protestarako hitzorduak.

Gazako genozidioa salatzeko ez ezik, erakunde publikoei zein enpresei Israelekin dituzten harreman komertzialak etetea eskatzeko "lanuzte orokorra" deitu dute Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk –LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru–. Lanuzteak hiru txandatan antolatu dituzte: 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara zein 17:00etatik 20:00etara. Gainera, 12:30erako manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

ELAk bere kasa egin du mobilizaziorako deia, zortzi sindikatu horiek Espainian UGTk eta CCOOk egun eta ordu berberetarako antolatutako lanuzteekin bat egin dutelako. ELAren aburuz, Euskal Herriko sindikatuek mezu propioa helarazi behar dute. Ondorioz, lau orduko lanuztera deitu du ELAk, eta egun osorako hezkuntzan nahiz mendeko sektoreetan. 11:30ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditu protestak sindikatu horrek, eta eskualdez eskualde ere egin ditu deialdiak: Zarautzen 12:00etan egingo dute elkarretaratzea, Lege Zaharren Enparantzan.

Eragileen hitzorduak

Gainera, Gernika Palestina herri ekimenak 19:30erako jarri ditu hitzorduak herrietako plazetan, udaletxeen atarietan. Burrunbarako deia egin du eragile horrek, eta beraz, herritarrei zarata ateratzeko deia egin die. Herri ekimenarekin bat eginez, eskualdeko hainbat herritan egin dituzte deialdiak, tartean, Zarautzen.

Herriz herri, hainbat dira sindikatuen lanuzte eta greba deialdiekin bat egin duten norbanakoak. Ondorioz, bihar hainbat lantegitan, zerbitzu publikotan –udal eraikinak, Osakidetzaren zentroetan, garraio publikoan eta abar– nahiz hezkuntza zentrotan geldialdiak egin nahiz gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Bestalde, Palestinarekin Elkartasunak Donostian deitu du mobilizazioa, eta protesta horretara batzeko deia egin dute hura osatzen duten plataformek. 18:00etan egingo dute protesta, Pio XII plazan, Israelen konplizeak seinalatu. Palestinaren alde, dena gelditu dezagun lelopean. Deitzaileek azaldu dutenez, Palestinaren erabateko deskolonizazioaren alde eta Israelgo entitate genozidaren kontra mobilizatuko dira, "kolonizazioaren kontrako borroka ez baita bukatu".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide