Zarauzko Udala zenbait aldaketa egiten ari da epe laburrean herriko errepideetan, eta hori eragin zuzena izaten ari da trafikoan, baina baita oinezkoetan ere. Esaterako, aldaketa aipagarrienen artean egongo litzateke Mantzisidor eta San Frantzisko kaleen artean gauzatutakoa. Trafikoaren noranzkoa aldatu zuten bertan irailaren amaieran, hain justu ere; udalaren esanetan, erabakia "inguruko hainbat bizilagun komunitateren eskaerari erantzunez" hartu dute.
Bereziki, Zuhaizti edota Geltoki garajeetako erabiltzaileengandik jaso zuen udalak aldaketa gauzatzeko iradokizuna. Izan ere, Mugikortasun zinegotzi Iker Basurkok azaldu du bertako bizilagunek orain arte "metro asko" egiten zituztela kalez kale lanera edota eskolara joateko, eta horri konponbidea emateko modu bat izan dela aipatutako aldaketa.
Hori horrela izanik, orain sarrera Nafarroa-San Frantzisko bidegurutzetik egin behar dute ibilgailuek, hegoalderuntz, eta ezkerretara biratu Gipuzkoa kalean, ondoren berriz Mantzisidor kalean gora egiteko, edo Gaztainpe kalean zehar Lapurdi kaleraino jarraitzeko.
Seinaletikaren aldaketa egin aurretik azterketa bat gauzatu du udalak, Vectio enpresaren laguntzarekin. "Egoerak eta egon daitezkeen aldaketak aztertzeko Big Data erabiltzea da segurua, datuetan oinarritzen baita azterketa, eta ez iritzi subjektiboetan", gehitu du zinegotziak.
Bertakoak soilik
Zarauzko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planari jarraiki, Basurkok azpimarratu du gauzatzen ari diren obren xedeetako bat dela "beharrezkoa ez den trafikoa saihestea eta herrigunea atseginagoa bilakatzea". Horretarako, San Frantzisko eta Mantzisidor kaleetarako eta bi horien arteko Gipuzkoa kaleko zatirako sarrera bertako bizilagunentzat eta zamalanetara doazen langileentzat soilik egongo da baimendua aurrerantzean.
Neurri bera ezarri dute Gaztainpe kalean, eta hori betetzen dela ziurtatzeko trafikoa behatuko duen kamera bat ere ezarri dute, abisua ematen duen seinale bat jartzearekin batera. Hala eta guztiz ere, Basurkok argitu du bertakoak ez diren herritarrek ez dutela isunik jasoko autoan bertatik igarotzen badira: "Edozein bizilagunek jarraitu ahal izango du bertara sartzen, dela etxera joateko, dela merkatuan, tokiko merkataritzan eta abarretan erosketak egiteko... Ez da baimen berezirik beharko. Entregak egin behar dituzten profesionalek badakite zer ordutegitan sar daitezkeen, eta lanean jarraitu ahal izango dute".
Halaber, zinegotziak gaineratu du neurriaren inguruan aldaketarik izango balitz, aurretik jakinaraziko luketela.
Koexistentzia eremua
Zarauzko Udala errepidean gauzatzen ari den aldaketen zerrendara batu da berriki San Frantzisko, Mantzisidor eta Gipuzkoa kaleen koexistentzia eremuaren izendapena. Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza proiektuaren barruan, Arantzatzulab enpresarekin elkarlanean, proiektu bat garatu zuten udaleko zenbait departamentuk eta herriko hainbat kolektibok; hain justu ere, proiektu horren ondorioa izan zen herrian gune partekatuak ezartzea.
Basurkoren esanetan, koexistentzia eremua "guztion ezinbesteko bizikidetza hobetzeko" sortua izan da. "Zarautzen 28.000 bizikleta baino gehiago ditugu. Erronka handia dugu aurrean, eta horri aurre egiteko eta bizikidetza hobetzeko gai izan behar dugu", gehitu du.
Gainera, Gipuzkoa eta Gaztainpe kaleen arteko bidegurutzean –orain arte Udaltzaingoaren egoitza zegoenaren aurrean– hiru zebra bide margotuko dituela iragarri du udalak; zebra bide berezia izango da, eta Y itxura izango du. Basurkoren esanetan, zebra bideek, beharrezkoak izan gabe, trantsizio denbora bat ahalbidetuko dute, "jendeak eremu berria asimila dezan". Haren iritziz, "lasaitasun eta konfiantza handiagoa" transmitituko diete adinekoei.
Basurkok dio "garrantzitsua" dela herritar guztiak aldaketez jabetzea, "bizikidetza ona lortzeko herritar guztiek egin behar baitute beren ekarpena".
Aurrera begira
Aldaketa ugari egin dituzte Zarauzko kaleetan, eta horiek denbora tarte txikian gauzatu dituzte. Horri lotuta, zarauztarrek "kontsulta asko" egin dituztela esan du Basurkok, "neurriek zer dakarten ondo jakiteko" helburuarekin. Halaber, aurreratu du aldaketa horien funtzionamendua aztertuko dutela orain, hobekuntza berriak non egin daitezkeen ikusteko, besteak beste.
Horretaz aparte, eraikitzen ari diren saihesbide berriak "eszenatoki berri bat" ekarriko duela aditzera eman du zinegotziak: "Laster hasiko gara hura irekitzeak ekarriko duena aztertzen eta egin daitezkeen jarduketak aztertzen, horiek ezartzeko garaian eraginkorrak izan daitezen".