Malekoiko zoladura berritzeko lanak abiatuko ditu Zarauzko Udalak astelehenean, hilaren 13an. Itsas pasealekuko lurra berrituko dute, Madoz kaletik Lizardi kaleraino, hain justu ere; guztira, kilometro erdi inguruko zoladura berrituko dute. Horrez gainera, Matxitxako, Higer eta Lizardi kaleetako jaitsieretan ere lurra aldatuko dutela jakinarazi du udalak.
Zoladura berria hormigoi koloreztatuko gainazal laua izango da, eta lanak Estudio y Obras Rekalde SL enpresak egingo ditu. Orotara, 478.542,61 euro (BEZ barne) inbertituko ditu erakundeak aipatu obrak gauzatzeko, eta jakitera eman duenez, hiru hilabete eta erdian amaituta egongo dira. Faseka egingo dituzte lanak: mendebaldetik hasita, Madoz kaletik, ekialderantz, Lizardi kalera.
Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Iban San Martinen esanetan, azken denboran malekoiko zoladurak "presio handia" jasan du, eta baldosa asko haustea ekarri du horrek. "Zoladura aldaketarekin gure itsas pasealekuaren irisgarritasuna hobetzen dugu eta, honekin batera, erorketen arriskua gutxitu dadin lagunduko dugu”, gehitu du.