Asteartean abiatuko dute pentatloia Udaberrin

Intza Trula 2025eko urriaren 11

Futbolin bat. (Artxibokoa)

Besteak beste, dardoetan, petankan, tokan eta futbolinean ariko dira parte hartzaileak. Partidak Udaberri jubilatuen elkartearen egoitzako patioan jokatuko dituzte, 16:00etatik 19:00etara. Halaber, bihar zabalduko dute informatika ikastaroan izena emateko aukera ere.

Udaberri jubilatuen elkarteak antolatutako pentatloia datorren asteartean, hilaren 14an, hasiko dute. Urtero legez, parte hartzaileak askotariko jolasetan parte hartuko dute bertan; hala nola dardoetan, petankan, tokan eta futbolinean ariko dira. 

Elkarteak jakitera eman duenez, partidak 16:00etatik 19:00etara jokatuko dituzte, elkartearen egoitzako patioan, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea. Horretarako aukera izango da elkartean, txapelketa hasi aurretik.

Informatika ikastaroak

Pentatloiaz gainera, elkarteko Zibergelan informatika ikastaroa ere eskainiko dute urriaren 28tik azaroaren 13ra, Gogoratzeko irudiak izenburupean. Astearteetan eta ostegunetan izango dira saioak, 10:00etatik 12:00etara.

Izen ematea bihar zabalduko dute, jubilatuen elkartean bertan, eta horretarako azken eguna hilaren 17a izango da. 12:00etatik 13:00etara egongo da inskripzioa egiteko aukera, Zibergelan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide