"Niretzako oso zaila izaten ari da egunerokoari aurre egitea, adin txikiko lau seme utzi ditudalako Gazan. Oso kezkatuta nago haiengatik, eta ezinezkoa zait bizitza lasaia egitea hemen, ezer pasatuko ez balitz bezala jarraitzea, jakinda haiek han daudela. Haiek ditut une oro buruan: non egongo ote diren, esku onetan ote dauden, zerbait gertatu ote zaien... Bi urte daramatzat haiek ikusi gabe". Zarautzen bizi den Gazako errefuxiatua da Nahla AS Ismail, eta duela urtebete iritsi zen Espainiako Osasun Ministerioak eta Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako programa humanitario baten bidez. Hilabete inguru baino ez da errefuxiatu estatusa eskuratu duela, eta, orain, gatazka eremutik atera eta hona ekarri nahi ditu bere semeak.
Palestinatik irtetea "amesgaizto hutsa" izan zen gazatarrarentzat, ihesaldi hartan senarra eta alabetako bat garbitu baitzizkioten. Bera larriki zauritu zuten, baita Zarautzen berekin dituen bi alabak ere. Ez du horretaz askorik hitz egin nahi, baina ibiltzerakoan egiten duen herrenak eta metrailetaren imintzioak eginez bere bizkarrezurrerantz egin duen seinaleak argi uzten dute non tirokatu zuten.
Osasun aldetik emandako pausoak ongi joan direla azaldu du errefuxiatuak. Hasieran Egiptora ihes egin zuen, eta duela urtebete Madrilera iritsi zen. Ondoren, Bilbon egon zen, CEAR fundazioaren programaren bitartez; eta maiatzetik Zarautzen bizi da. "Hobeto egokitzen ari naiz hemen". Baina hemen egonagatik, burua eta bihotza sorterrian ditu.
"Une honetan, Gaza dagoen bezala egonda, haurrak ia kale gorrian daude, apenas inoren ardurapean, aitona-amonik gabe... Ez daude gidatuko edota zainduko dituzten helduren baten ardurapean. Momentu oso zailak bizi dituzte, janaririk, urik eta arroparik gabe. Oso-oso konplexua da egoera, eta ama bezala, alimaleko ezintasuna sentitzen dut", korapiloa sortzen zaio eztarrian.
Sakelako telefonoa duen Gazako bizilagun baten bidez jartzen da harremanetan bere semeekin, baina egunetik egunera zailagoa da elkarren arteko kontaktuari eustea. Interneteko estaldura eta konexioak geroz eta okerrago funtzionatzen du Gazan, eta askotan ez dute argindarrik izaten; horrek ez du batere errazten eskuko telefonoko bateria kargatzea. "Gure etxea bonbardatu egin zuten, eta guztia galdu genuen. Israelgo armada aseezin dabil erasotzen, eta egunetik egunera okerrera egin du guztiak", dio saminez.
"Ez da ezer ofiziala"
Errefuxiatu estatusak familia berriz elkartzeko aukera ematen dio hemen, eta eskaera joan den ekainean egin zuen. Pozesuan gorabehera batzuk izan dituela jakitera eman du, hizkuntzaren itzulpenean oker batzuk eta burokrazia kontuak tarteko, baina CEAR fundazioko kideek esan diotenaren arabera, aurreko hilean onartu zieten eskaera Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako programa humanitarioaren bidez etorritako familiei. "Oraingoz, ordea, ez da ezer ofiziala, eta ez dago dokumenturik, ezta ziurtagiririk ere", atsekabetu da. Itxaropenik ez du galdu nahi, baina prozesua biziagotzeko eskatzen die arduradunei, Palestinako egunerokoa sostengaezina delako.
Azken egunetan, AEBek gidaritza hartuta, bolo-bolo dabil nazioartean gatazka amaitzeko eta Israelek erasoak geldiarazteko balizko akordioa. "Palestinako biztanle gisa, eta gerran bizi izan dudan esperientziaren ondoren, honek guztiak berehalakoan bukatu behar du", adierazi du begiak bustitzen zaizkiola. "Gazan amaitu da guztia. Jada ez da existitzen, dena suntsitu dutelako. Ez da ezertxo ere geratzen". Gatazka amaituko dela dio, baina "haiek planeatu duten moduan".
Palestinarekiko elkartasunak gero eta oihartzun handiagoa du mundu osoan, eta kontziente da horretaz. Halere, lehengo lepotik jarraitzen du buruak, eta genozidioak aurrera segitzen du. Ismailek beldurrez jarraitzen ditu komunikabideak egunero, bere semeei gerta dakiekeenaz arduratuta. "Badirudi bizi berri bat daukadala, baina ez da horrela. Bonbarbaketak direnean, hildakoen zerrendak irakurtzen ditut, eta identifikatu gabeko norbait topatzen dutenean, okerrena pentsatzen hasten naiz".
Bustita dituen begiak malko loditan isuri zaizkio, ezinaren ispilu. "Haurrek jada ez dute nirekin hitz egin nahi, eta ez dudala haiengatik beharko nukeen guztia egiten aurpegiratzen didate. Beste herrialdeetan familiak elkartzen ari direla leporatzen didate, eta ni ez naizela ezertxo ere egiten ari. Bizitza berri bat egiten hasi naizela eta haietaz ahaztu naizela esaten didate. Oso mingarria da". Horregatik, prozesua ahal duten bezainbeste arintzeko eskatu die arduradunei.