Adur Amatriainek bosgarren amaitu du Ericeira Pro txapelketan

Intza Trula 2025eko urriaren 6a

Adur Amatriain, Ericeira Pro txapelketan. (WSL)

Challenger Series zirkuituko proba jokatu zuten irailaren 29tik urriaren 5era, Ribeira D'Ilhasen (Ericeira Portugal). Zarauztarra final-laurdenetan geratu zen kanpoan, txapelketa horretako bere emaitzarik onena eskuratuz.

Adur Amatriain surflari zarauztarra bosgarren postua eskuratuta itzuli da Ericeira Pro txapeletatik. Challenger Series zirkuituko laugarren proba izan zen hau, irailaren 29tik urriaren 5era, Ribeira D'Ilhas (Ericeira, Portugal) hondartzan. Zarauztarra bikain aritu zen uretan, baina final-laurdenetan kanporatu zuten. Hala eta guztiz ere, CSn eskuratu duen emaitzarik hoberena izan da.

Amatriainek aurkari gogorra izan zuen aurrez aurre final-laurdenetan: Kauli Vaast tahitiarra, hain justu ere. Azken Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen Vaastek, eta 2026ko Championship Tourreko maila gorenera heltzeko faboritoetako bat da.

BAT Basque Team taldearen hitzetan, emaitza honek Amatriainen "sasoi bikaina" berresten du. Esan du, gainera, "urteetako lana, talentua eta dedikazioa" islatzen dituztela lortutako postuek, eta azpimarratu du "euskal surfaren harrotasuna" dela zarauztarra.

Challenger Series zirkuituak Saquareman (Brasil) egingo du datorren geldialdia, urriaren 11tik 19ra. Ondoren, Pipelinen (Hawaii) jokatuko dute seigarren proba, 2026ko urtarrilaren amaieran, eta hasi zen lekuan amaituko da txapelketa: Newcastleko Merewether hondartzan (Australia), datorren urteko martxoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide