Zazpi kultur aretoa erabat bete da gaur eguerdian 22. Mario Onaindiaren Omenaldiko sari banaketa ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko. Aurten, Luisa Etxenike idazle donostiarrari egin diote aitortza, eta alderdi sozialistako hainbat ordezkari izan dira bertan, hala nola, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturarako zuzendari Pablo Garcia Astrain, eta Zarauzko Udaleko zinegotzi Inaxio Illarramendi eta Gloria Vazquez.
Urtero bezala, Mario Onaindia Fundazioko kide Alberto Agirrezabalek eman dio hasiera ekitaldiari, baina hitzartzearen aurretik minutu bateko isilunea egin dute Palestinako sarraskia gaitzesteko. Jarraian, aurtengo sarituari zuzenduriko esker hitzak izan ditu. Hasierako hitzen ostean, Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Saileko irakasle Maria Pilar Rodriguez aritu da Etxenikeri buruz solasean. "Bere obrak osagarri etiko indartsua du, ez zentzu moralista batean, baizik eta oinarri finkoak dituena. Munduarekiko erantzukizun bat izango balu bezala", nabarmendu du.
Felipe Juaristik olerki bat errezitatu du, aurrena euskaraz eta ondoren gaztelaniaz. Aurten, ordea, idazle azkoitiarrak ez du abestu Juan Ramon Unamuno gitarristarekin batera; izan ere, musikaria duela hilabete batzuk zendu zen, eta haren omenez bere abesti bat jarri dute entzungai, pantailan bere argazki bat erakutsi duten bitartean.
Une goreneran, Esozi Leturiondo Onaindiaren alargunak Agustin Ibarrola eginiko oroigarria eman dio Luis Etxenikeri, eta zehaztu du saria ez zaiola idazleari bakarrik ematen, baizik eta "emakume konprometituari". Leturiondoren esanetan, Etxenike pertsona konprometitua da hainbat arlotan: politikan, feminismoan, justizia sozialean eta abar. Hunkituta eta txalo artean jaso du saria donostiarrak, eta esker hitzak izan ditu oroigarria eskuetan jaso ahala.
"Idazle gisa, gatazka armatuaren garaian garatu zuela bere ibilbidea azpimarratu du: "Liburuak idatzi ditut garai arriskutsuetan, eta horrek, paradoxikoki, eragin positiboa izan duela esatera ausartuko nitzateke nire obran. Gaia seriotasunez eta sakontasunez aztertzeko aukera eman zidalako, eta horrek, era berean, bultzatu nau egile jakin batzuk aukeratzera eta haien kezkak partekatzera, artista gisa". Idazketa "erantzukizun" bat dela nabarmendu du, "begi bistakoa argitara ateratzea eta horri boza ematea, alegia". Azken finean, hori dela bere egitekoa azaldu du: "Begiratu eta kontatu, beti pairatzen dutenen ikuspegitik, Albert Camusek esan zuen bezala".
Amaitzeko, familia argazkia atera dute ekitaldian parte hartu dute gonbidatuek, eta urtero bezala, omenaldia biribiltzeko, Imanol Larzabalen Ausencia abestia kantatu dute elkarrekin.