Hasi da Zarauzko surflarien festa

Aritz Mutiozabal 2025eko urriaren 4a

Lagun giroa nagusi da Zarauzko hondartzan, Ibon Imazen 29. Oroimenezko surf txapelketa herrikoian. Hainbat mailatan banatuta, herriko surflariak lehian ari dira egun osoan. Igor Gallastegi zena izan dute gogoan eguerdian.

Ibon Imazen Oroimenezko surf txapelketa herrikoia jokatzen ari dira goizean goizetik Borghetto eta Desertu Txikia inguruan. Urtero bezala, herrikoi surflariak elkartzeko urteko hitzordua izaten da, eta aitzakia lehia bada ere, lagunarteko topaketa izatea du helburu. Izan ere, atzotik hasita bihar arte hainbat jarduera egingo dituzte uretatik kanpo ere.

Ekitaldi hunkigarrien artean, eguerdikoa izan da bereziena, abuztuan zendu zen Igor Gallastegi izan dutelako gogoan. Omenaldi txiki bat egin dio Zarauzko surflarien komunitateak, eta haren lagunek txalaparta jo duten bitartean, antolakuntzako kideak eta parte hartzaile guztiak taulekin elkartu dira hondartzan eta haren emazteari lore sorta bat eman diote.

Egitasmoari dagokionez, herri kirolak, ginkana eta festa izango dituzte arratsaldetik aurrera. Halaber, txapelketak ez du etenik izango, eta arratsaldean eta bihar jarraituko du,azken faseetako txandekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide