Lege Zaharren Enparantza beste behin bete da Palestinari elkartasuna adierazteko

Aritz Mutiozabal 2025eko urriaren 2a

Jende ugari elkartu da Lege Zaharren Enparantzan Palestinarekin Elkartsuna plataformak deitutako mobilizazioan. (Aritz Mutiozabal)

Protesta jendetsua egin dute arratsaldean herritarrek, Palestinarekin Elkartasuna plataformak batuta. Global Sumud ontzidiaren aurkako erasoa salatzeaz gain,  larunbatean Iruñean egingo duten manifestazio nazionalean parte hatzeko deia egin dute.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, makina bat zarauztar elkarretaratu da gaur arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan Gazaren aurkako genozidioa salatzeko eta Israeli boikota egitea eskatzeko. Mobilizazioaren arrazoi nagusia izan da Gazara heltzear den Global Sumud ontzidiaren erdia -hogeibat ontzi inguru- atzeman dituela bart Israelek; laguntza humanitorioa eramatera zihoazen 200 bat ekintzaile atxilotu dituzte, alegia.

"Erasoa" salatzeko, aipatu plataformak mobilizazioak deitu ditu herriz herri. Zarauztarrek irmo erantzun dute, azken deialdietan bezala, eta Gazako setioa hautsi! Israel desegin mezua zeraman pankartarekin irten dira plazara, Palestinari elkartasuna adieraztera eta Israel gaitzestera, oihu eta aldarri, dozenaka bandera airean zirela.

Elkarretaratzearen amaieran, herritar batek hartu du hitza, eta gaurko elkarretaratzearen arrazoiak azaltzeaz gain, Gazak eta Palestinak une honetan bizi duen egoeraren berri eman du. Era berean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak larunbaterako Iruñean deitu duen manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin du; Palestinar erresistentzia aurrera; Israel desegin lelopean antolatu dute, eta elkarretaratzean pankartarik ere ikusi ahal izan da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide