Ene!

Faber (I)

Javier Aramendi 2025eko urriaren 19a

Graf von Faber-Castell arkatza.

Javier Aramendik iraileko Zarautz Guka aldizkarirako idatzi duen iritzi artikulua da honakoa.

Gaurko gaia Faber-ek aukeratu du. Faber, lagunentzat. Baina filiazio osoa, izen-abizenak eta abar, ematera, Faber-Castell dituela izen-deiturak, eta, nahiz eta jatorriz Alemaniakoa izan, donostiar petoa dela aitortu behar dut.

Aspaldiko lagunak gara, eta dagoeneko ondo ezagutzen dugu elkar. Nahikoa izaten da nik, begirada galduta, hodeiertzari so egitea, bera, hari hitzik ere esaten ez diodala, nire gogoeta eta pentsamenduez jabetzeko. Adiskidetasun sendoa denez, hainbat paseo eta bidaia elkarrekin eginak gara, eta konturatu naiz kostaldeko pasealekuak eta terraza txikiak dituela gustukoen. Baina azken boladan harroxko samar dabil, batez ere dendari bati zera aditu zionetik: hari eta bera bezalakoei 'arkatz guztiz hornitua', osoa, konpletoa, esaten zaiela, mutur batean borragoma txiki bat daukatelako, eta estalkian, txorroskilotxo bat. Horren guztiaren ondorioz, amets aristokratikoak izaten hasi da, eta von eta Graf partikulak izenaren aurrean jartzen ere bai: Graf von Faber-Castell arkatza; hots, Faber-Castell-eko Kondea arkatza. Horregatik, burua horrela berotuta eta hanpatuta, nik zer gai erabili finkatu baino lehen, bera lanean hasi, eta bere buruari buruz idaztea erabaki du.

Gainerakoan, oso eraman onekoa da, otzana, maskota edo etxeko animalia bat bezain. Esaterako, hondartzako terrazaren batean nagoela, nik hitz bat bota orduko, berehala ekartzen du paperera. Edo martsupial baten antzera, goxo-goxo sartzen da jaka barruko poltsikora, atsedena hartzeko, eta tarte batez nire hitzak ez aditzeko.

Oso langilea ere badela gaineratu behar dut. Zerbait ezabatu behar denean, buru-belarri aritzen da lan horretan, eta punta zorroztu behar zaionetan geldirik eta txintik esan gabe egoten da.

Ez diot aipatu, ezta aipatuko ere, elkar ezagutu genuen aspaldiko egun hartan beltz-beltza, luzea eta lerdena bazen ere, orain koska batzuk dituela azalean, eta behin eta berriz zorroztearen poderioz gero eta txikiago gelditzen ari dela, eta nahiz eta ni azken punta zorrozketak atzeratzen saiatu, laster....

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide