Biribilgunean

Benetan beharrezkoa

Elaia Aizpurua 2025eko urriaren 18a

Bost lagun, unibertsitatean. (Pixabay)

Iraileko Zarautz Guka aldizkariko Biribilgunean atalean Elaia Aizpuruak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Duela urtebete norbaitek unibertsitateko lehen urtea ohartu baino lehen igaroko zitzaidala abisatu izana eskertuko nuke, agian horrela ez nituen lehenengo bizpahiru hilabeteak kexaka soilik pasako. Ziurrenik batek baino gehiagok emango zidaten abisua, eta gozatzeko aholkua ere bai noski, baina entzun eta gor egingo nuen ziur aski.

Hastear dudan ikasturtea ere ea aurrekoa bezain azkar igaroko zaidan zalantza egiten dut, ea presaka aukeratu nuen graduko bigarren maila lehenengoa baino gehiago gustauko zaidan ere zalantza, ea nahi dudan Erasmuseko helmuga emango didaten zalantza. Ezer gutxi dakidala ohartzen hasi berri naiz, zalantza gehiegi ditudala. Zalantzak lerro hauen artean pilatzen ditudan modu berean pilatzen ditut.

Gasteizerako kaxak logelako ate alboan. Bat bestearen alboan, bestearen gainean; kaxa gehiegi. Ekaineko mudantzaren ondoren esan nuen benetan beharrezkoa bakarrik eramango nuela oraingoan, baina bigarrenez gor. Benetan beharrezkoa zer den zerrendatzea ordea ez da dirudien bezain erraza. Kutxa bakarra banu, maindire pare bat eta manta lodi bat sartuko nituzke eta gelditzen den tokia arropaz bete; soilik ezin ditudalako iazko pisukideak kaxa batean sartu.

Nire espektatiba guztien aurka munduko sukalderik txikienaren falta somatuko dut, baita sukaldeak default zezkarren bi ezezagunena ere. Bitxia izan zen azkenengo afaria, inondik ez lehenengoa bezainbeste, eta irailean ez dugula berriz gure sukaldea zen horretan afalduko pentsatzen dudanean, hirugarren pertsona bat txantxa txar bat kontatzen ari zaidala iruditzen zait.

Sukaldean partekatutako une gozo eta algara guztiekin ez naiz gai identifikatzeko noiz edo zergatik erabaki genuen elkarrekin bizitzen ez jarraitzea. Gutxienez hirurok jarraitzen dugu Gasteizen, urtarrilean hori horren argi ez zegoen arren; eta esatera ausartuko nintzateke graduko lagunekin batera, hain zuzen ere, beraiek direla Gasteizen benetan beharrezko ditudanak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide