zarautz guka

Urpeko koloreek maiteminduta

Aitziber Arzallus 2025eko urriaren 11

Marrazo bat. (Koldo Rodriguez)

Koldo Rodriguez zarauztarrak zazpi bat urte daramatza urpean argazkiak egiten. Itsasoak lagatzen badio, astero sartzen da uretara. Zumaia eta Orio artean ibili ohi da normalean, baina munduan barrena bidaiatzera ere eraman du bere zaletasunak, Egiptora eta Kanarietara, esaterako. Iraileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Urpeko argazkilaria da Koldo Rodriguez (Bilbo, 1983) zarauztarra. Bai, urpekoa, lehorrean dabilenean ez baitu esku artean kamera ibiltzeko ohiturarik. "Umea edo gaztetxoa nintzenean, aita beti ibiltzen zen reflex kamera bat eskuetan zuela, eta ni haren atzetik, pentsatzen dut gure garaiko guraso eta seme-alaba asko ibiliko ziren modura; baina gerora, ez". Orain, tarteka, kamera txiki bat erabiltzen du, baina ez da ikusten duen guztia betikotzen ibiltzen den horietakoa.

Duela zazpi bat urte urpekaritza egiten hasi zenean, ordea, argazkiak ateratzen hasteko grina piztu zitzaion. "Urpekaritzan zaletu nintzen eta ikusten nuen jendea uretara sekulako kamerak hartuta sartzen zela. Orduan pentsatu nuen nik ere lagunei-eta gustura erakutsiko niela urpean ikusten nuen hura, eta horrelaxe hasi nintzen". 2018a zen. Ordutik, orduak eta orduak igaro ditu urpean, ikusten duen guztiari argazkiak egiten.

Urpeko animaliekin, landareekin zein koloreekin maiteminduta dago Rodriguez, "urpeko munduarekin, oro har". Urteak daramatza astero murgiltzen, baina, hala ere, ez dio harritzeari uzten. "Ur azpian dauzkagu normalean ikusten ez ditugun animalia pila bat, ezagutu ere egiten ez ditugunak, arrandegira joanda ere ikusten ez ditugunak, eta mila kolore, hor azpian ibili ez denak sekula irudikatu ere egingo ez lituzkeenak. Lehorrekoak garenontzat guztiz ezezaguna den mundua dago hor behean".

Urpean argazkiak ateratzearena prozesu bat dela azaldu du, gutxika-gutxika ikasten joaten dela. "Hasieran, uretara sartu eta ez duzu ezer ikusten, baina, denborarekin eta urpean ibili ahala, geroz eta gauza gehiago ikusten joaten zara, lehen ikusten ez zenituen horiek ere bai: animaliak, koloreak… Kosta egiten da, baina begia egiten joaten zaizu, eta azkenean gauza ikusgarriak ikusteko gai bihurtzen zara".

Iluna, baina aberatsa

Hemengo itsas hondoa oso iluna dela esan ohi dute urpekariek, eta hala dela baieztatu du Rodriguezek ere. Horregatik, argazkiak egiteko tresneria jakin bat behar izaten dela azaldu du, eta hori guztia hartuta sartzen dela uretara. "Bi kamera eramaten ditut, eta horiez gain, seina mila lumeneko hiru foku eta baita lau mila lumeneko beste uztai bat ere, kabuxa txikiei-eta argazkiak egin ahal izateko". Hain zuzen ere, kamera txiki bat eramaten du argazkiak egiteko, eta gero beste bat, Insta 360 bat, bideoak egin ahal izateko.

Lehorrean eta urpean erabiltzen diren kamerak berdinak izaten direla esan du zarauztarrak. "Urpean ibiltzeko karkasa edo estalki berezi bat jartzen zaio kamerari, eta horrek urpean ibiltzea ahalbidetzen du. Nik, esaterako, ispiludun kamera konpaktu bat daukat. Sinpleenetakoa da; izan ere, kamera eta estalkia, denera, ez dira iristen mila eurotara". Haren esanetan, ordea, bada sekulako kamerak erabiltzen dituen jendea. "Aurten, lehendabiziko aldiz, urpeko argazkilaritzako Gipuzkoako txapelketan parte hartu dut, eta han bazen 18.000 eta 20.000 euroko argazki kamerak zituen jendea".

Hemengo itsas hondoa iluna izanagatik, oso aberatsa dela ziurtatu du. "Iluntasun horri argia jarriz gero, gauza izugarri politak ikus daitezke. Begia egin egin behar da, baina behin gauzak ikusten ikasten duzunean, beste inon topa ezin daitezkeen espezieak ikus daitezke hemen. Ikusgarriak eta oso-oso politak dira inguruan ditugun bizidunak". Itsas kabrak, ataloak, olagarroak, muxumartinak, dontzeilak, gaztaikak... dozenaka espezietako animaliak ikus daitezkeela azaldu du.

Argazkilariak, elkarrekin

Urpekaritza egiten Getariako Ksub eskolakoekin hasi zen Rodriguez, eta han ezagutu zituen bere zaletasun bera partekatzen duten beste hainbat kide. Gaur egun, Zumaiako Olarrosub elkarteko bazkidea da, itsasontzi bat dute, eta harekin ateratzen dira uretara. "Urpean argazkiak egiteko zaletasuna dugun Bergarako eta Tolosako lagunak baditut, eta haiekin ibiltzen naiz normalean. Hemen inguruan ibiltzen gara, Zumaia eta Orio artean dauden arroketara joaten gara, eta askotan Getariako arratoiaren bueltan ibiltzen gara". Itsasoak lagatzen badie, astean behin uretara sartzen direla esan du, eta normalean argazkilariak elkarrekin ibiltzen direla. "Bestelako urpekariek esaten dute oso aspergarriak garela; izan ere, batzuetan bost minutu behar izaten ditugu argazki bat egiteko, eta normala den bezela, nazkatu egiten dira gure zain".

 

Urpekaritzako aseguruak 40 metroko sakoneraraino jaistea ahalbidetzen dien arren, 18-20 metro inguru jaisten direla zehaztu du, eta zenbaitetan 25 metro ere bai, baina ez gehiago. "Izan ere, zenbat eta beherago jaitsi, botilan daukazun oxigenoak orduan eta gutxiago irauten du, zure gorputzak gehiago behar duelako; orduan, nahiago izaten dugu gorago ibiltzea, baina denbora luzeagoan".

Bikoteka sartzen dira uretara. "Urpera ezin da bakarrik sartu, debekatuta dago, edozein arazo bizitzarekin ordaintzen baita. Itsasoa ez da gure habitat naturala eta segurtasun neurriak oso zorrotz bete behar izaten dira urpera sartzeko. Pentsa, begiak ur gainean baina sudurra ur azpian baldin badauzkazu, ito egiten zara; bada, pentsa hainbat metro jaitsita baldin bazabiltza".

Munduan barrena

Aurten, lehendabiziko aldiz, urpeko argazkilaritzako Gipuzkoako txapelketan parte hartu du zarauztarrak. Esperientzia bezala "oso polita" izan dela esan du, baina pena izan dela aurreko egunetan euri asko egin izana. "Normalean gutxi ikusten bada, orduan ez zen ezer ikusten, ezer ere ez. Pentsa, argazki bat egin behar nion nire bikotekideari, eta pare-parean jarrita ere ezin egin; 20 zentrimetrora ere ez zen ikusten".

Urpean argazkiak ateratzeko zaletasunak munduko hainbat tokitara eraman du Rodriguez. Duela urte batzuk, esaterako, Egipton izan zen, Itsaso Gorrian, Getariako Ksub urpekaritza eskolako talde batekin. Bergara, Amezketa, Tolosa eta beste hainbat herritako jendeak osatutako taldea izan ziren han, eta aitortu du "gozatu" egin zuela. "Egiptora joan eta piramiderik ikusi gabe itzuli nintzen, haraino joan eta urpean bakarrik ibilita. Amak errieta eta dena egin zidan bueltan". Kanarietako Hierro uhartean ere ibili izan da urpean argazkiak ateratzen. "Lekua izugarria da; Europako lekurik onenetakoa da, bai urpean ibiltzeko, eta baita urpean argazkiak egiteko ere. Babestutako gunea da hura, eta ikusgarria da".

Hori bai, oraindik ere bertatik bertara gustura ezagutuko lituzkeen beste leku asko eta asko gelditzen zaizkiola adierazi du. "Munduko mila lekutara joango nintzateke urpean argazkiak egitera: Ekuadorko Galapago uharteetara, Mexikoko Kalifornia Beherera, Txinara, Japoniara... Mundu guztian zehar ibiliko nintzateke, baina urpetik". Dirua eta denbora edukiz gero, horixe du ametsa Rodriguezek. "Ama bisitatzeko bakarrik zapalduko nuke Zarautz".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide