Behatxuloa

Kafka eginda

Alex Gurrutxaga 2025eko urriaren 12a

Ordenagailuaren teklatua, mugikorra eta boligrafoa.

Iraileko Zarautz Guka aldizkariko Behatxuloa atalean Alex Gurrutxagak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Uztailean, gauza bat eta bestea dela, hainbat aldiz joan behar izan dut gure erakunde politiko nagusira, bileretara. Bildu naiz, uste dut, adibidez, Hezkuntza Saileko Hezkuntza Politiketarako Sailburuordetzako Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzako urliarekin; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia eta Berrikuntza Sailburuordetzako sandiarekin; Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako berendiarekin, eta baita Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaritzako ez dakit nor arraiorekin ere…

Nahiz eta sistema ezin argiagoa eta eraginkorragoa den, beharbada, irakurle, galdu egingo zinen bizpahiru izen horien artean, eta are argiago azaltzen saiatuko naiz.

Hainbat bailara egin ditugu, eta normalean zailburuak eta teknijarriak izan ditugu gurekin; egia ez esan, ideia asko gortu dira elkarrizkate horietan. Badakigu gauza sesioek baten eta bestearen sailazpietatik pasa behar izaten dutela, edo bestela batzurdeetan egiplastatu behar izaten direla, baina azken hitza buruzailak omen du: zerbaitetarako da batzurde guztien gurua. Azkenean, baliteke lizitoxikoren batera aurkeztu behar izatea, eta, jakina edo ez, hori gero dagokion batzurdeak baloituko du, gero beste bailara bat deitzeko azpiko buruarekin (ondo pentsatuta), ideiak gortzeko eta elkarrizkate emangorrak eragiteko, dagokion buruzailarekin beti erre…

Orain ulertu duzue, baietz?

Ez dakit kafkiarra dela esan ote daitekeen. Ez dakit zuzena izango litzatekeen ere: egia esan, Kafkarena ez zen hainbesterako ere. Beharbada, esan behar genuke sistema kafka eginda daukagula…

Ohar garrantzitsua. Alexek ohar hau bidali digu irailean erredakziora: "Mesedez, oraindik oporretan dagoen norbait etor dadila nire bila. Azken bilera bukatu zenetik ez dut irteera aurkitu. Bi eta erdi solairuartean nago, uste dut, hor nonbait; ikurrin bat eta Txillidaren lamina batzuk ikusten ditut. Edo behintzat esan atea non dagoen (ahal dela birakaria)".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide