Kuadrilla Eguneko goitibeherak jaiaren ohitura bilakatu nahi dituzte

Ian Ruiz Lizaso 2025eko urriaren 2a

Lagun batzuk iazko goitibeheren jaitsieran. (Guka)

Kuadrillen Eguneko goitibeheren jaitsiera indartu nahi du herritar talde batek. Goitibeherak muntatzeko tailerrak antolatu dituzte datozen egunetarako, eta horietan parte hartzeko izena eman behar da aurretik; hilaren 10a horretarako azken eguna.

Kuadrilla Eguna iristear da –hilaren 18an izango da–, eta herritar talde bat goitibeherak indartzeko helburuarekin batu da aurten. Hori dela eta, tailer irekiak egingo dituzte urrian, Gaztelekuan, nahi duen orok goitibeherak muntatzen ikas dezan.

Zehazki, urriaren 3an, 4an, 7an, 10ean, 11n, 16an, 17an eta 18an izango dira saioak, 17:00etatik 20:00etara. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaileek materiala eta erremintak eskuragai izango dituzte.

Azpimarratu dute helburua dela goitibeherek azken urteetan baino "garrantzi handiagoa" hartzea. Horretarako, berrikuntza ugari txertatu dituzte, hala nola txistorra jana, jada muntatuta dauden goitibeheretan jaisteko aukera eta musika.

Goitibeherak muntatzen ikasteko tailerretan parte hartzeko aurretik izena eman behar da, 644 05 67 70 telefonora deituta. Epeari dagokionez, urriaren 10a izango da izena emateko azken eguna. Informazio gehiago honako lotura honetan eskura daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide