Egun-pasa Baionara, mendi irteera Aizkorrira, Ondarroako festetara kontzertuak entzutera, Donostiako Aste Nagusiko suak ikustera… Udako oporrak iristeko irrikaz ginen lankidea eta biok uztailean. Ezer ez egiteko eta aspertzeko denbora nahi eta behar genuela errepikatzen genion batak besteari, elkarrizketa bera, egunak joan eta egunak etorri.
Nekatuta geundela esaten genuen ahots goran, iratzargailurik jarri gabe lotaratzea genuen amets, eta etxeko sofan hankaz gora imajinatzen genuen geure burua: pit stop bat behar genuela, alegia. Laneko mugikorra eta ordenagailua ere itzali genituen azken egunean, gure planak ezerk, ezta inork ere zapuztu ez zitzan.
Bada, amaitu zitzaizkigun oporrak bioi, eta, gainera, lantaldetik lehenak izan ginen itzultzen. Zehazki, gainerakoak baino astebete lehenago bueltatu ginen geure zereginetara, abuztuko azken asteko guardiako txanda egitea egokitu baitzitzaigun. Ia hiru asteko etenaren ostean, lehen egun horren atarian, igande gauean, mezu bat bidali zidan lankideak: "Prest al zaude biharko?".
Baiezkoa eman nahi nion, eta ikasturte berriari ekiteko erabat prest nengoela esan nahi nion. "Erabat deskantsatuta nago" izango litzateke mezu horrentzat erantzun ezin hobea. Ez zitzaidan halakorik atera, ordea.
Zin egingo nuke duela hiru aste baino nekatuago nagoela orain: ikasturtean zehar egin dudana baino kirol gehiago egin dut asteotan, Euskal Herriko txoko guztietako festak ezagutu ditut, eta urteroko garbiketa sakona ere egin dut armairuan, trapu zaharrak kendu nahian. A! Eta gorroto dudan iratzargailua jarri dut egunero, lanera joateko esnatzen naizena baino goizago sarritan, gainera. Antzera topatu nuen lehen egunean lankidea ere, aharrausika sartu baitzen bulegora.
Oporretan ere ezinegon hori sentitzeak pertsonok azken denboran daramagun abiadura biziarekin zerikusirik al duen galdetzen diot orain nire buruari. Ezer ez egiteak zigor bat izango balu bezala jokatzen dugunaren sentipena dut, eta horrek une oro zerbait egitera bultzatzen gaituela ere iruditzen zait. Askotan, gainera, benetan gogorik izan gabe. Badirudi laneko erritmo bera jarraitu nahi dugula lanetik kanpo gaudenean ere, helburua guztiz kontrakoa zenean.
Beraz, edukitako jai egun horietan deskantsatu ez ezik beste guztia egin dudanez, non sinatu dezaket oporren oporrak edukitzeko?