Imanol Urdanpilleta: "Autodidakta garenok asko sufritu behar dugu ikasteko"

Intza Trula 2025eko urriaren 1a

Imanol Urdanpilleta, bere erakusketaren aurrean, Torre Luzean. (Intza Trula)

Bizitza osoa darama margotzen Imanol Urdanpilletak (Zarautz, 1946), eta orain Zarauzko Torre Luzea aretoan jarri ditu erakusgai bere lanak, 55 urtez saiakeran izenburupean.

55 urtez saiakeran erakusketa zabaldu berri duzu. Mende erdiko zure ibilbidearen bilakaera moduko bat da. Nolatan dator orain?

Jubilatu naizela urte gutxi dira, eta mila eginkizun izaten dira lanean ari zaren bitartean. Ez duzu galtzen margotzeko ohitura, baina ez da erraza izaten jardun horri segida ematea. Jubilatu nintzenean, berriro ere margogintzan hasi behar nuela erabaki nuen, eta horri esker etorri da erakusketa hau.

Zenbat margolan bildu dituzu, guztira?

54 margolan inguru paratu ditut, olio-pinturaz eta akuarelaz eginak. Egia esan, zaila izan da aukeraketa egitea, espazioa txiki samarra baita. Nolanahi ere, ahal izan dugun moduan arrimatu ditugu, nahiz eta batzuk atzeko trastelekuan geratu zaizkigun. Gustura nago, hala ere, erakusgai jarri ditudan lanekin.

Gehien maite dituzunak hor daude, behintzat?

Margolan bakoitza begiratzen jartzen naizenean, zera pentsatzen dut: "Hik ere ederra eman hidan!". Azken finean, seme-alabekin bezala gertatzen da koadroekin; zenbat eta traketsago, orduan eta gehiago maite dituzu. Autodidakta garenok asko sufritu behar dugu ikasteko, bide luzea egin behar baita eta asko saiatu.

Olio-pinturaz eta akuarelaz ondutako lanak dira. Nola definituko zenuke zure estiloa?

Figuratiboa, baina errealista. Asko zaintzen dut marrazkia. Joera ezberdin asko daude, baina margotzen hasi aurretik, ongi marrazten jakin behar da; bestela, ezinezkoa da. Jakina, gauza politak egin daitezke, gauzak ezberdinak, baina ni, nolabait ere, fidela naiz errealitatearekiko. Jean Auguste Dominique Ingres margolariak esaten zuenarekin bat egiten dut: "Lehendabizi marraztu, eta gero margotu edo marraztu koloreekin". Azken finean, estilo klasikoa da hori!

Zarautz presente dagoen hainbat erretratu daude erakusketan. Zer izaten duzu inspirazio iturri sortzerakoan? Zeri erreparatzen diozu batez ere?

Konposizioari jartzen diot arreta, lehen-lehenik. Aurrena margotu behar dudan hori ongi ikusi behar dut, eta buelta asko ematen dizkiot aukeratutakoari, harantz eta honantz mugitzen naiz, argiak nondik jotzen duen aztertzen dut, eta askotan hartu ditut horren araberako erabakiak; esaterako, arratsaldez itzuli izan naiz leku berera argi egokiagoa izango nuelako, edo goizeko eguzkiaren zain egon naiz beste batzuetan. Askotan gertatu zait hori.

Une egokiaren zain egotea duzu gustuko?

Bai. Azken batean, margogintza hori da: argiak eta ilunak, erreinuak, kontraste hori behar baitu. Caravaggioren antzera, kar-kar-kar!

Olio-pinturaz eta akuarelaz gain, beste materialik erabili ohi duzu?

Ez. Tira, akuarelekin lan egiterakoan, tenpera pixka bat erabili dut, akuarelak eman ezin dezakeena apur bat betetzeko. Adibidez, akuarelista onek ur-jauzi eta errio oso politak irudikatzen dituzte, baina nik tenpera apur bat erabiltzen dut margoari oli-pinturaren itxura emateko. Erakusketan Navona plazako [Erroma] iturriaren koadro bat jarri dut, non ura nola jausten den ikus daitekeen, eta akuarelarekin txukun egin daiteke, baina osatzeko beste teknika bat erabili behar da. Nik tenpera erabili dut, eta niretzat zoragarri geratzen da horrela.

Autodidaktatzat duzu zeure burua. Noiz eta nola hasi zinen margotzen?

Aspaldi ekin nion, 30 urte bete baino lehenago. Zarauzko Artearen Lagunen Elkartean nengoen sasoi hartan, Julian Ugarte margolari handiarekin; gerora, Artezaleak bihurtuko zena izan zen hura. 24 urterekin ezkondu nintzen, eta nobio garaian, Arantzazura joaten ginen, baina margotzeko astoarekin; hemen, Oikian ere gogoratzen naiz nola margotzen genuen, arto tartean jarrita; ezkondu ginenean, tramakulu guztiak eraman nituen Punta Umbriaraino [Espainia] Seat 850 txiki batean, eta han ere bizpahiru koadro margotu nituen. Aspalditik izan dut margozaletasuna, baina lanean hasi nintzenean, Jaungoikoak nahi zuenean bakarrik margotu ahal izaten nuen.

Orain, herritarren aurrean jarri dituzu erakusgai zure margolanak. Zer sentitzen duzu?

Sekulako poza! Gazteago nintzenean nire margolanak Sanz Eneako aretoan erakusteko aukera izan nuen, eta oso ondo atera zen guztia. Bertaratu zirenak ere gustura geratu ziren. Gaur egun, gaztea nintzeneko koadro haiek ikusten ditut, eta egungoekin alderatuta, konturatzen naiz ez daukatela zerikusirik. Hala ere, esan behar dut lehen ere baneukala zeozer.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide