Epaimahaiak eman gabe utzi du 44. Lizardi Saria

Intza Trula 2025eko irailaren 30a

43. Lizardi Saria literatur lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Modelo aretoan. (Aritz Mutiozabal)

Epaimahaia osatu duten hiru kideen esanetan, "aurkeztutako lanek ez dute sariketa honek urteetan izandako mailari eusteko kalitaterik". Guztira sei lan aurkeztu ziren sariketara.

2023an gertatu bezala, aurten ere ez du irabazlerik izango 44. Lizardi Saria literatur lehiaketak. Epaimahaiaren iritziz, "aurkeztutako lanek ez dute sariketa honek urteetan izandako mailari eusteko kalitaterik" erakutsi, eta horregatik erabaki dute edizio honek ere irabazlerik ez izatea.

Castillo Suarezek, Kati Olaizolak eta Alex Gurrutxagak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta irailaren 16an elkartu ziren aurkeztutako sei lanak aztertzeko. Aurtengo edizioa gazte literaturari lotutakoa zen, 13 eta 17 urte bitarteko irakurleei zuzendutakoa.

Hori horrela izanik, Lizardi Saria literatur lehiaketaren 45. edizioa antolatu eta prestatzeari ekingo dio orain Zarauzko Udalak, "haur eta gaztetxoentzako literatura suspertzeko helburuarekin".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide