Beñat Eizagirre eta Izaskun Arriaga izan dira azkarrenak aurtengo Bihotzekin lasterketan. Urtero bezala, Bihotzez elkartearen alde jokatu dute lasterketa Itxasmendiko San Migel jaietan, eta aurretik martxa solidarioa ere egin dute. Lasterketan parte hartu dutenek 4,5 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute, eta martxak, berriz, herriari itzulia eman dio. Korrika ala oinez, bi kirol ekitaldiek helburu bera izan dute: bihotzeko gaixotasunei ikusgarritasuna ematea.
Gizonezkoetan, bigarren postua Unai Rotetarentzat izan da, eta hirugarren helmugaratu da Mikel Arsuaga. Emakumezkoetan, Elena Beristain heldu da Arriagaren atzetik, bigarren postuan kokatuz, eta podiuma Nerea Amilibiak osatu du. Lasterketako sailkapena osorik ikusteko herrikrosa.eus webgunera jo daiteke.
Itxasmendiko jaietako azken eguna da gaur, eta haurrek ere izan dute beraien txapelketa. Olinpiadak jokatu dituzte atletismoko pistan, taldetan banatuta eta helduekin batera.