Kalapie elkarteak antolatuta, bizikleta martxa edota masa kritikoa egin zuten atzo arratsaldean herrian barrena. Orotara, dozena bat lagun elkartu ziren Lege Zaharren Enparantzan, eta jarraian herriko txokoak zeharkatu zituzten bizikletaren gainean jarrita.
Elkarteko kideen esanetan, martxaren xedea izan zen "bizikleta garraiobide iraunkor, irisgarri eta osasungarri gisa ospatu eta aldarrikatzea". Gehitu zuten, gainera, masa kritikoa "munduko ehunka hiritan egiten den hileroko txirrindularitza ekitaldia" dela. Bertan, bizikleta erabiltzen duten pertsonak hirian zehar paseatzeko elkartzen dira.
Irabazi asmorik gabeko txirrindularien elkartea da Kalapie, eta hiri barruan bizikletaren erabilera sustatzeaz gain, erabiltzaileen interesak eta segurtasuna defendatzea ditu helburu. Duela urtebete sortu zuten, eta, harrezkero, herriko mugikortasuna hobetzeko proposamenak egiten ari dira.