'Maspalomas' filma ikusteko beta izango da Modelon

Aritz Mutiozabal 2025eko irailaren 27a

Asteleheneko saioan, 19:30eko emanaldiaren ondoren, Aitor Arregi zuzendaria izango da zinema aretoan, film berriaren nondik norakoak kontatzen.

Moriartitarren azken ekoizpena da Maspalomas filma. Kasu honetan, José Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendu dute, eta Jose Ramon Soroiz aktore beteranoa du protagonista nagusia. Komedian oso errotuta egonagatik, dramako paper bikaina egin du oraingoan. Kanaria uharteetan gustuko bizimodua daraman gizonezko homosexuala da Soroizen pertsonaia, baina buruko isuri baten eraginez, Donostiara itzularaziko dute eta han zahar etxe batean hasiko da bizitzen, bere benetako izaera ezkutuan mantenduz. Aktore taldea Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor eta Kepa Errastik osatu dute.

Maspalomas filma oraintsu aurkeztu dute Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, eta estreinaldian ia bi minutuko txalo zaparradaren erantzun zuen publikoak. Beraz, Urrezko Maskorra irabazteko lehian ez da urruti ibiliko. Bien bitartean, astelehenean, Aitor Arregi zuzendariak hitzaldia emango du Modelo aretoian 19:30eko pelikula emanaldiaren ondoren.

Bestalde, familia osoarentzako asteburu honetako eskaintza Sari Nagusia. Ziztu bizian animaziozko filma eskainiko dute. Eddak auto lasterkarien pilotu bihurtzea du amets, eta jolas parkea ez ixteko lasterketa korrituko du.

Irailak 27, larunbata
16:45. Sari Nagusia. Ziztu bizian
19:15. Maspalomas
22:15. Maspalomas

Irailak 28, igandea
16:45. Sari Nagusia. Ziztu bizian
19:15. Maspalomas

Irailak 29, astelehena (ikusleen eguna)
17:00. Maspalomas
19:30. Maspalomas [Aitor Arregi zuzendariarekin solasaldia amaieran]

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide