Trafikoaren noranzkoa aldatuko dute San Frantzisko eta Manzisidor kaleetan

Mireia Galarza Bastida 2025eko irailaren 27a

Manzisidor kaleko semaforo berriak. (Zarauzko Udala)

Astelehenetik aurrera, sarrera Nafarroa-San Frantzisko bidegurutzetik egin beharko dute ibilgailuek, hegoalderuntz, eta ezkerretara biratu beharko da Gipuzkoa kalean, ondoren berriz Manzisidor kalean gora egiteko, edo Gaztainpe kalean zehar Lapurdi kaleraino jarraitzeko.

Astelehenean, hilak 30, Manzisidor eta San Frantzisko kaleetako trafikoaren noranzkoa aldatuko dute. Gainera, horrekin batera, Nafarroa eta Manzisidor kaleen artean semaforo berri bat ere jarriko dute.

Behin aldaketa gauzatutakoan, San Frantzisko eta Manzisidor kaleetara, eta bi hauen arteko Gipuzkoa kaleko zatirako sarrera, bizilagunentzat eta bertako zamalan guneetara sartu behar duten ibilgailuentzat baimenduko du udalak.

Zirkulazio berri horrekin, sarrera Nafarroa-San Frantzisko bidegurutzetik egin beharko dute ibilgailuek, hegoalderuntz, eta ezkerretara biratu beharko da Gipuzkoa kalean, ondoren berriz Manzisidor kalean gora egiteko, edo Gaztainpe kalean zehar Lapurdi kaleraino jarraitzeko.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azaldutakoaren arabera, aldaketa horrek hiriguneko zirkulazioari eragiten dio, "inguruko hainbat bizilagun komunitateren eskaerari erantzunez", bai eta "beharrezkoa ez den trafikoa" hirigunetik ateratzeko jarraitzen ari diren lan-ildoari segika, "guztiontzako leku atseginagoa bihurtzeko asmoz".

Udalak osatutako mapa, aldaketak azaltzeko. (Udala)

Elkarbizitza gunea

Zarauzko Udalak gogoratu nahi izan duenez, Mugikortasunaren Europako Astearen bezperan iragarrita bezala, eremu horrek guztiak, San Frantzisko kalea, Manzisidor kalea eta Gipuzkoa kalea, San Frantzisko kaletik Kasino kalera bitarteko zatia barne, orain koexistentzia-eremuaren izendapena du, Zarauzko mugikortasun partekatuko lehen eremua bilakatuz.

Seinale berri horrek zirkulazio-eremu bat arautzen du, lehenik eta behin oinezkoentzat dena eta zirkulazio-arau berezi batzuk aplikatzen direna. Ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h-koa izango da; ibilgailu motordunen, txirrindularien eta oinezkoen artean partekatuta dago zirkulazioa, betiere ahulenak (oinezkoak eta txirrindulariak) ibilgailu motordunen aurrean babestu nahian. Gune horretan bizikletak bi noranzkoetan ibil daitezke, jakina, beti behar bezalako arretaz eta gainerakoak errespetatuz.

"Zarautzen 28.000 bizikletatik gora daude, biztanleko 1,23 bizikleta suposatzen duena. Honek adierazten du bizikletaren erabilera askoz handiagoa dela hemen beste herri eta hiri batzuekin alderatuta, baina hori erronka bat ere bada, eta guztiok gure hondar alea jarrita egin behar diogu aurre, partekaturiko erronka argi bat baita, aurre egiteko eta gainditzeko gai izan behar duguna", gehitu du Basurkok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide