Aritzbatalde kiroldegian 42 ikastaro eskainiko dituzte ikasturte berrian

Maddi Txintxurreta 2025eko irailaren 28a

Aritzbatalde kiroldegia. (Aritz Mutiozabal)

Aritzbatalde kiroldegian martxan dira jadanik ikasturte berriko ikastaroak, baina herritarrek izena emateko aukera dute oraindik. Orotara, 42 ikastaro eskainiko dituzte; doakoak izango dira horietako batzuk. 

Aritzbatalde kiroldegiak eskaintza zabala eta "kalitatezkoa" du ikasturte berrian, udalak ziurtatu duenez. Orotara, "adin tarte guztiei" zuzendutako 42 ikastaro antolatu dituzte, eta horietan izena emateko aukera dago oraindik.

Kolektibo zehatzei bideratutako ikastaroak ere izango dira Aritzbatalden. Hala, Gaztefit eta igeriketa ikastaroak izango dituzte aukeran gazteek; lehen ikastaroko klaseak astelehenetan izango dira, 17:00etan, eta igeriketakoak astelehen eta asteazkenetan, 19:05ean. Halaber, soinpilatesen aritzeko aukera izango dute adinekoek astelehen, asteazken eta ostiraletan, 08:00etan, eta haiei zuzendutako OKI ikastaroak astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko dituzte, 10:30ean.

Ikastaroetako izen ematea Aritzbatalde kiroldegiko harreran egin daiteke eta informazio zehatzagoa 943005123 telefonoan edo kirola@zarautz.eus helbidera idatzita jaso dezakete herritarrek.

"Aurtengo ikasturte hasiera dimentsio handikoa izateaz gain, kalitatezkoa ere izango da. Kolektibo ezberdinei egokitutako eskaintzak, aniztasun funtzionala dutenei kasu, eta orain artean bezala, urte osoan zehar Aritzbataldeko zerbitzu publikoa zaintzeko esku hartzeak ere izango dira, adibidez, azken hilabetean fitness aretoa txukunduz eta material txikia berrituz. Horrela jarraitzea da asmoa, Zarauztarren osasunean inbertituz”, adierazi du Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak.

Doako ikastaroak

Bestalde, kiroldegiko bazkide direnek doako zerbitzuak jasotzeko aukera izango dute. Horien artean, entrenamendu plan indibidualizatuak egin ditzakete fitness aretoko monitorearekin, astegunetan, 08:30-11:00 eta 17:00-21:30eko ordutegian, eta larunbatetan, 11:30etik 13:30era. Zerbitzu hau Aritzbataldeko harreran edo koz@zarautz.eus helbidera idatzita eska daiteke.

Espress saioak ere doan izango dituzte bazkideek. Udalak ohiko komunikazio bideetatik (@ZBizia X plataforman, Zarauzko Udaleko webgunean edota Aritzbataldeko panel informatiboetan) jakinaraziko du noiz eskainiko diren saio horiek.

Bestalde, spinning birtualeko zerbitzua martxan du Aritzbataldek. Saio horietan, erabiltzaileek aukera izango dute spinning gelako pantailan azalduko den monitorearen jarraibideak jasotzeko, ohiko spinning saio batean egongo balira bezala. Ondorengo ordutegian eskainiko da ikastaroa: astelehenetan 08:45etan,10:00etan eta 20:30ean; astearteetan: 17:00etan eta 20:00etan, asteazkenetan: 20:30ean, ostegunetan: 17:30ean eta 20:00etan; ostiraletan: 08:45ean, 10:00etan, 17:00etan eta 19:00etan, eta larunbatetan 12:00etan. 

Gainera, Aritzbataldeko bazkide izan ez arren, 65 urteko herritarrek doan jaso ditzakete soinketa saioak (astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan; 10:30ean, 11:00etan eta 11:30ean, adinaren arabera) eta igerian ikasteko oinarrizko ikastaroak ere doan eskainiko dituzte LH1, 2, 3, eta 4 mailetako ikasleentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide