2026ko ordenantza fiskalei hasierako onespena eman zieten atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran, eta, hala,%2,3ko igoera orokorra izango dute 2026ko Zarauzko tasek eta zergek; iaz %4koa izan zen igoera hori. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten proposamena; EH Bildu, ordea, abstenitu egin zen.
Xabier Txurruka alkateak azaldu zuen moduan, "presazko izaerarekin" eraman zuten gaia udalbatzarrera; izan ere, atzo goizeko ezohiko batzordean landu zuten, osoko bilkura baino ordu batzuk lehenago, alegia. Hori hala, lehenik eta behin, ordenantzak iraileko udalbatzarreko zerrendan sartu ala ez bozkatu zuten, ondoren horren inguruan eztabaidatu ahal izateko; proposamenak aurrera egin zuen, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Zarauzko Udaleko Ogasun zinegotzi Iker Basurkok eman zituen tasen eta zergen inguruko lehen xehetasunak. Bere esanetan, datorren urteko ordenantza fiskaletan zenbait aldaketa jaso dituzte "udaleko arlo guztietako proposamenak kontuan izanda". Hori horrela, "koefizienteak eguneratu eta atal batzuen idazketa hobetu" dituzte, eta urtetik urtera ordenantza fiskalak "hobetzen" jarraitzea da haien asmoa, "herritarren beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko".
2,3ko igoera orokorra proposatu du Udal Gobernuak datorren urterako, Basurkoren hitzetan, "inguruko herrietako udaletan planteatu dituztenen antzekoa". "Ekonomia eta finantza plana bete behar dugu, eta gure bizilagunei eskaintzen dizkiegun zerbitzuei aurre egin", azpimarratu zuen.
Inaxio Illarramendi PSE-EEko bozeramailearen esanetan, ordenantza fiskalen berrikuspena "ez da zenbakiak igotzea edota jaistea bakarrik, nahi politiko baten isla baizik". Bere hitzetan, "erabaki arduratsua" dago atzean, zerbitzu publikoak "jasangarriak, eskuragarriak eta kalitatezkoak" izan daitezen. Proposamen berri hau "berdintasunean eta progresibitatean" oinarritutakoa dela esan zuen bozeramaileak, "zarauztarren beharrei inoiz baino hobeto erantzutea ahalbidetuko duena".
%150eko errekargua etxebizitza hutsei
Etxebizitza hutsei zein etxebizitza turistikoei OHZ Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekargua handitzea izango da ordenantzetako aldaketa nabarmenena: orain arte, %100eko errekargua aplikatzen zitzaien, eta hemendik aurrera %150ekoa izango da. Illarramendik azpimarratu nahi izan zuen erabaki hau ez dela "diru gehiago lortzeko" hartutako erabakia: "Gure helburua da etxebizitza horiek merkatura ateratzea, eta zarauztarrek horiek alokatu edota erosteko aukera izatea". Gaur egun, 819 etxebizitza dira Zarautzen errekargu hori ordaindu beharko dutenak.
EH Bilduko zinegotzi Garazi Olaizolak esan zuen koalizioak begi onez ikusten duela etxebizitza hutsen gaineko neurri berria: "Errekargu hau ez da errekargu isolatu bat izango, espekulazioaren aurkako politika koherente bat baizik". Gainera, gehitu zuen EH Bilduk urteak daramatzala neurri hori aplikatzearen atzetik, eta "pozik" daudela erabakia hartu izanagatik. Hala eta guztiz ere, etxebizitza hutsak zehazteko jarritako energia kontsumoaren parametroaren aurka agertu zen. Izan ere, gaur egun, urteko 300 kilowattekoa da igaro beharreko kontsumoa, eta EH Bilduk iritzi dio kontsumo hori ez dela "etxebizitza egonkor baten adierazle". Olaizolak zehaztu zuenez, "udako erabilera puntualarekin igaro daiteke muga hori".
Zergen eta tasen igoera orokorrari dagokionez, esan zuen ez dela "inolako aurrerapausorik eman fiskalitatearen progresibitatean". Igoerarekin "ados" egon arren, "progresibitatea txertatzea" beharrezkotzat jo zuen koalizioko kideak, "igoera honek ez duelako denontzat bera izan behar".
Horrez aparte, aurrerantzean %80ko hobaria izango dute irisgarritasunari lotutako obra guztiek, eta jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari dagokionez, jarduera ekonomikoaren gaineko zergan %50eko hobaria izango dute horri lotutako lanak egiten dituzten enpresek, baita horri lotutako obrek ere.
Ostatu turistikoen araudia eta hondartzako ordenantza
Ordenantza fiskalez gain, beste bi gai garrantzitsu ere jorratu zituzten atzo arratsaldeko bilkuran. Horietako lehena ostatu turistikoak arautzen dituen plan orokorrari hasiera ematea izango litzateke. Aho batez onartu zuten saioko zazpigarren puntua izan zena.
Zarauzko Udaleko Hirigintza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek argitu zuen moduan, puntu hau onartzeak bi erabaki hartzea dakartza: bata, Zarauzko etxebizitza eta ostatu turistikoei buruzko araudi espezifiko bat lantzea, eta, bigarrena, araudi hori sortu bitartean moratoria bat ezartzea: alegia, urtebeteko epean Zarauzko Udalak ez du lizentzia gehiago eskainiko herrian ostatu zein etxebizitza turistikoak ezartzeko.
EH Bildu eta PSE-EE udal taldeak erabakiarekin gustura agertu ziren, nahiz eta haien ustez hartutako neurria berandu datorren. Apirileko udalbatzarrean aipatu bi alderdien aldeko botoekin mozio bat onartu zuten, non lizentzia horien etetea "berehalakoa" izan behar zuela eskatzen zen. Hilabete hauetan, ordea, udalak hemeretzi apartamentu turistiko berrien eta etxebizitza turistiko baten lizentziak onartu ditu. "Gure sentipena da lizentzia horiek eman arte itxaron duzuela moratoria ezartzeko", salatu zuen Itziar Murua EH Bilduko zinegotziak.
Bigarren gaiari dagokionez, ekainean hasierako onespena emandako hondartzako ordenantzaren aldaketa behin betikoz onartu zuten atzo. Duela bi hilabete bezala, atzokoan ere aho batez onartu zuten proposamena. Ordenantza berriak, besteak beste, hondartzan erretzea eta bozgorailuetatik musika jartzea debekatzen ditu, zakurren egutegia eguneratzearekin batera.
Illarramendik aditzera eman zuenez, bi hilabete hauetan herritarren eskura egon da ordenantza, eta denbora tarte horretan, guztira, bost alegazio jaso dituzte. Eskaera horietatik bakarra onartu du udalak, eta hori hondartzan eta pasealekuan irisgarritasuna hobetzeari lotutakoa da, Elkartu Gipuzkoako desgaitasun fisikoa duten pertsonen federazio koordinatzaileak aurkeztua. Aitzitik, gainerako lau partikularrek egindako proposamenak baztertu egin dituzte; alegazio horiek, esaterako, erretzearen debekuaren aurka, zaldiak hondartzara sartzeko debekuaren aurka eta hondartzan lo egitearen aurka izan dira.
Ordenantza hau indarrean jarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egunetara.