Hitzaldia eta bizikleta martxa antolatu ditu Kalapiek egunotarako

Aritz Mutiozabal 2025eko irailaren 24a

Herritar bat bizikletan bidegorritik. (Intza Trula)

Mikel Bringas bizikleta-bidaiariak Perun eginiko ibilbidearen ikus-entzunezoa eskainiko du bihar, Pagoetaren lokalean. Ostiralean, martxa aldarrikatzailea eginiko dute Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, txirrindularien eskubideak defendatuz.

Irabazi asmorik gabeko txirrindularien elkartea da Kalapie, eta hiri barruan bizikletaren erabilera sustatzeaz gain, erabiltzaileen interesak eta segurtasuna defendatzea du helburu. Duela urtebete sortu zuten Zarauzko Kalapie taldea, eta, harrezkero, herriko mugikortasuna hobetzeko proposamenak egin dizkio udalari, nahiz eta ez duen erantzunik jaso. Aurten, mugikortasun iraunkorraren Europako astearekin bat egin dute, eta horren harira, bi jarduera antolatu dituzte datozen egunetarako.

Alde batetik, Mikel Bringasek Munduko ibilbiderik onena? hitzaldia eskainiko du bihar arrtasaldean, 19:00etatik aurrera, Pagoeta mendi elkartearen lokalean (Santa Marina kalea 2, 1). Gonbidatua esperientzia handiko bizikleta-bidaiaria da eta Bizibidaia webgunearen egilea, eta Perun barrena txirrindaz eginiko ibilbidea kontagai duen ikus-entzunezkoa aurkeztuko du.

Bestetik, bizikleta martxa edo masa kritikoa antolatu dute ostiralerako. "Masa kritikoa munduko ehunka hiritan egiten den hileroko txirrindularitza ekitaldi bat da. Bertan, bizikleta erabiltzen duten pertsonak hirian zehar paseatzeko elkartzen dira. Bizikleta garraiobide iraunkor, irisgarri eta osasungarri gisa ospatu eta aldarrikatzea da helburu nagusia", nabarmendu dute Kalapieko kideek. Lege Zaharren Enparantzan jarri dute hitzordua, 18:30ean, eta handik abiatuta, herrian bana bizikletaz ibiliko dira txirrindularien eskubideak defendatuz.

Gainerakoan, "Zarautz bizikletaz mugitzen den herria izaten jarraitzeko lanean jarraitzeko asmoa dugu, egungo azpiegiturak hobetzeko proposamenak eginez".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide