Larunbat honetan 50 urte beteko dira Francoren erregimenak Juan Paredes Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi azpeitiarra fusilatu zituela. Urtemugaren biharamunean, 1975. Txiki Otaegi herri ikuskizun ibiltaria aurkeztuko dute Zarautzen. Antolatzaileek ekitaldiaren aurkezpenean aditzera eman zuten moduan, "memoria ariketa" izango da, eta 12:00etan hasiko da, Azken Portuko Egaña kalean.
Hala, Egaña kalea, Plaza Gorria, Frontoi Txikia, kuartel zaharra eta Torre Luzea zeharkatuko dituzte "Txikiren bizitza, fusilamentua eta duela 50 urteko giroa irudikatuz", eta Musika Plazan emango diote amaiera ikuskizunari.
Ehundik gora parte hartzaile
Emanaldia "auzolanean" egindako zerbait da, eta, orotara, ehundik gora kulturgilek parte hartuko dute. Esaterako, aktoreen artean izango dira Ioritz Bastarrika (Txiki), Ascen Exposito (Antonia Manotas) eta Erik de Saint Andre (Mikel Paredes), eta Alproja antzerki taldeko 11 kidek mendizaleen, atxilotuen edota epaileen papera egingo dute. Horiez gain, herriko hainbat talde eta eragiletako dozenaka kide ere ariko dira estra lanetan: hala nola Mugimendu Feministako, euskalgintzako, Palestinaren aldeko herri ekimenetako, pentsiodunen aldeko mugimenduko eta presoen eskubideen aldeko taldeetako kideak.
Abesbatzei dagokienez, Montetxiok, Olagarrok eta Xumelak taldeek parte hartuko dute igandeko hitzorduan, baita Uxue Alkorta, Andoni Egaña eta Julen Zulaika bertsolariek ere. Margolaria, berriz, Sara Etxeberria izango da. Idazleen eta kulturgileen artean izango dira Ainhoa Agirreazaldegi, Ekhine Eizagirre, Leire Ibarguren, Jon Benito eta Edurne Epelde. Horiez gain, Ane Arruti, Goizeko Ihintza txistulari taldea eta trikitilariak arduratuko dira musikaz. Dantzan, berriz, Jalgiko zortzi dantzari ariko dira.
Amaitzeko, guztia behar bezala bideratzeko, zazpi soinu teknikariak, gidoilaria eta antolakuntza taldeko zazpi kide ere ibiliko dira lanean, sukaldariekin, argazkilariekin eta komunikazio taldeko kideekin batera.
Taldeak pasa den igandean egindako entseguko argazkiak dira bilduma honetan jasota daudenak.
(Argazkiak: 1975 herri ikuskizuna)