Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza ekimena da, eta gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Ikasturte hasierarekin batera, Zarauzko Udaleko Gazteria departamentuak aipatu programako hitzaldi bat antolatu du ostegun honetarako.
Oraingo honetan, Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean izeneko hitzaldia eskainiko du Leyre Cano psikopedagogoak. Saioan zehar, familian harreman orekatua, osasungarria eta onuragarria izateko beharrezkoa den egitura nola izan landuko du adituak, horretarako lagungarriak izan daitezken arauak eta mugak jartzen ikasiz.
Hitzaldia 18:00etan hasiko da, Etxezabala aretoan, eta doako sarrera izango du. Bertaratzeko aurrez izen eman behar zen, baina udaletik jakinarazi dutenez, plazak guztiz bete egin dira.