V. Espainiako Kopa jokatzeko sailkatu da Asier Goikoetxea

Andoni Elduaien 2025eko irailaren 23a

Sugar taldeko gizonen taldeko zenbait kide, atzo, sailkapena lortu eta gero. (Utzitakoa)

 Sugar padeleko gizonek Padel Zamudio M3 taldearen aurka jokatu dituzte Euskadiko Padel Txapelketako neurketak asteburuan. 13 eta 3 nagusituta, azaroan Bartzelonan izango dute Espainiako Kopako hitzordua. Asier Goikoetxea zarauztarra taldeko kideetako bat da.

Sugar padel taldeko gizonek Euskadiko Padel Txapelketa jokatu dute asteburuan, eta haiek azaroaren 14tik 16ra bitartean Bartzelonan izango den V. Espainiako Kopara sailkatzea lortu dute. Euskadiko Txapelketako finala bi egunetan jokatu dute: zapatuan, Astigarragan (Gipuzkoa) jokatu zuten joaneko partida, eta atzo, Derion (Bizkaia), itzulerakoa. Bi egunetan garaile suertatu ziren Sugar taldekoak Padel Zamudio M3 taldearen aurrean. Taldekideetako bat  Asier Goikoetxea zarauztarra da.

Bi egunetan hiruna partida jokatu behar izan zituzten Sugar taldeko hiru bikotek. Astigarragan, larunbatean, 5 eta 3 irabazi zuten joanekoa Jokin Segurola-Jon Zabala, Aiert Balerdi-Ekain Muguruza eta Beñat Uranga-Asier Goikoetxea bikoteek. Igandean, Derion, Segurola-Zabala, Balerdi-Uranga eta Eneko Aizpitarte-Goikoetxea bikoteek jokatu zituzten itzulerako hiru lehiak, eta Sugar taldekoek 8-0 irabazi zuten puntuetan. Guztira, 13-3 emaitza eskuratuta lortu dute Espainiako Kopa jokatzeko sailkatzea.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zarauzko kideek osatzen dute Sugarren gizonen taldea. Asteburuan taldea zortzi lagunek ordezkatu badute ere, urte guztian zehar hamahiru ordezkari aritu dira lehian; izan ere, Asier Larrañagak, Enaitz Muguruzak, Eneko Etxanizek, Iñaki Unanuek eta Iban Aranbarrik ere ordezkatu dute taldea txapelketan. Ordea, Bartzelonara bidaia hamar bat lagunek egitea aurreikusi dute Sugarrekoek.

Gizonen eta emakumeen taldea. (Euskadiko Padel Federazioa)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide