Ametsa gauzatzerik ez du izan Zarautzek

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 21a

Zarauzko trainerua ziabogan, Portugaleten. (EITB)

Bezperan Bermeon bezala, gaur Portugaleten ere hirugarren izan da Enbata Euskotren ligarako play offeko estropadan. Donostiarrak postua mantendu du, eta San Juan izan da ETE ligatik igo den trainerua. 

Zarauzko emakumeen traineruak egindako denboraldi handiari amaiera bikaina eman nahi zioten, Euskotren ligarako igoera lortuz. Baina ez da posible izan. Igoerako play offeko bi estropadetan hirugarren egin dute zarauztarrek, eta ezinezkoa izan zaie mailaz igotzea.

Atzo Bermeoko itsaso mugituan jokatutako estropadan hirugarren egin zuen Enbatak, Donostiarra eta San Juanen atzetik, baina esperantzak mantentzeko arrazoiak bazituzten zarauztarrek, hiru ontzien artean lau segundoko aldea besterik ez zegoelako. Traineru bat eta tosta gutxi batzuk. Gaur errioan jokatu dute estropada, Portugaleten, Ibaizabalen, atzo bezala, erlojuaren aurka. Bezperako dezepzioa alde batera utzi, hortzak estutu, eta estropada on bat egitea zuten gaur helburu, ahal izanez gero aurkariak atzean utziz. 

Larunbatean Bermeon egindako emaitzaren arabera atera dira gaurkoan igoerako play offa lehiatzen aritu diren ontzian. Zarautz hirugarren postuan atera da, galiziarren atzetik eta San Juan eta Donostiarraren aurretik. Estropada abiatuta, ez zegoen ia alderik hiru euskal ontzien artean. Ziabogako orduan, denbora bera egin dute Zarautzek eta San Juanek (5:14) , eta Donostiarrak bi segundo gehiagoan (5:16) eman du buelta. Garbi zegoen bueltako luzean erabakiko zela zer bi ontzi arituko diren datorren urtean emakumezkoen traineruen lehen mailan.

Bueltako itzulian ez du Zarautzek, edo, beste era batera esanda, hobeto aritu dira donostiarrak eta pasaitarrak. ETE ligan bigarren egin duen San Juanek estropada ezin hobea egin du gaur, eta aldea handitzen joan da Zarautzekiko. Donostiarrak ere atzetik aurrerako estropada egin du, eta ia ezinezkoa bihurtu du Enbataren ametsa. Helmuga puntuan, San Juan izan da azkarrena. Donostiarra bigarren izan da, pasaitarrekiko hiru segundora, eta hirugarren Zarautz zortzi segundora.

Puntutan, San Juanek eta Donostiarrak bederatzi puntura berdindu dute, baina bien arteko denborak kontutan hartuta, San Juan izan da lehena eta Donostiarra bigarren. Zarautz hirugarren izan da, sei punturekin, laugarren Chapela lau punturekin, eta bosgarren Tiran bi punturekin. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide