Abian dira Kostamendi zikloturista martxako txirrindulariak

Julene Sorarrain 2025eko irailaren 21a

Eguraldia lagun ez duten arren, zenbait txirrindulari animatu dira Zarauztarra Txirrindulari Elkarteak antolatutako proban parte hartzera. Ehun kilometroko ibilbidea dute aurretik, 1.250 metroko desnibelarekin, hain zuzen. Probaren ostean, hamaiketako jana egingo dute kiroldegiko pilotalekuan.

Duela minutu gutxi ekin diote txirrindulariek Kostamendi zikloturista martxari, aurten estreinakoz Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatutako probari, hain zuzen. Goizean goiz hasi dira gerturatzen Aritzbatalde kiroldegirantz, aterpea bilatu nahian, euri zaparradatik ihesean. Ekainean iragarri zuten kirol egitasmoaren berri, eta hil honen hasieran agortu ziren dortsalak, 206 lagunen parte hartzearekin. Baldintza klimatologiko eskasak direla eta, ordea, azkenean 50 txirrindulari inguruk hartu dute parte proban. 

Hala, ehun kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, 1.250 metroko desnibelarekin, eta Zarauzko kiroldegi aurrean hasi eta bukatuko da. Kostatik joanda, Zumaiatik Itziar, Mutrikutik Kalbario eta Elgoibartik Azkarate igoko dituzte, eta handik Azkoitira jaitsiko dira, Azpeititik Iraetara hartzeko; Muniosoron, Meaga aldera hartu beharrean, Oikirantz hartu eta kostatik itzuliko dira. Proba amaitu ostean, hamaiketako goxoa izango dute zain kiroldegiko pilotalekuan.

Estreinako edizioarekin batera, Usoa Ostolaza txirrindulari profesionala omendu nahi izan du Zarauztarra elkarteak. Txirrindulari zarauztarra, ordea, ez da zikloturista martxan izan gaurkoan, izan ere, gaur Kigalin (Ruanda) hasi den Munduko Txapelketan dabil, eta bertan izango da hilaren 28ra arte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide