Inork ez zuen esan erraza izango zenik. Euskotren ligara igotzeko play offeko lehen jardunaldia jokatu dute gaur arratsaldean Bermeoko uretan. Bost ontzi aritu dira igotzeko eskubidea ematen dute bi lekuen bila. Horien artean izan da Zarauzko Enbata. Irteera postuen zozketan bosgarren tokia egokitu zaie zarauztarrei. Horrek aukera eman die aurkariek egin duten denborak jakiteko, baita behar zenena hortzak estutzeko ere.
Estropada eremua¡ bihurria da Bermeokoa, eta gaurkoa bezalako baldintzekin are eta zailagoa. Trapaia aurkitu dute ontziek itsasoan, behin barrako babesetik aterata. Horrek zaildu egin ditu ziaboga lanak, baita ontzia kontrolatzeko ardura ere.
Ziaboga orduan, lehena izan den Donostiarraren denbora berea egin dute zarauztarrek, San Juanek baino segundo bat gutxiago. Chapela galiziarra bost bat segundora zen, eta hasieratik atzean Tiran. Bueltako luzean hobeto aritu dira Donostiarra eta San Juan. Zarautzek sufritu egin du itzulerakoan. Traineru galiziarrak, bere aldetik, oso atzean geratu dira, aukera guztiak galduz. Bigarren luzeak aurrera egin ahala, aldea gutxitu du Zarautzek San Juanekiko, baina ez da nahikoa izan helmuga puntuan.
Gaurko denborak honakoak izan dira.
- Donostiarra: 11:45,00
- San Juan: 11:46,98
- Zarautz: 11:49,10
- Chapela: 12:08,58
- Tiran: 12:29,70
Gaurko jardunaldiaren ondoren, biharko saioaren aurretik, Donostiarrak 5 puntu ditu, 4 San Juanek, 3 Zarautzen, 2 Chapelak eta 1 Tiranek.
San Juanen aurretik bihar
Bihar eguerdian egingo dute Ibaizabalen, Portugaleten, play offeko bigarren jardunaldia. Gaurkoa bezala, erlojupekoa izango da biharkoa ere, baina errioan. Euskotrenera igo ahal izateko, San Juanen aurretik geratu beharko dut Zarautzen, egun bien artean dauden 2 segundo eta 12 ehuneko baino alde handiagoarekin. Izan ere, bi kluben artean berdinketa bada, bien arteko denbora hartuko dute epaileek kontuan.