Goiz hasi dute gaurko eguna herriko gaztetxoek, izan ere, 10:00 aldera Salbideko jolastokian bildu dira XXIV. Txirrindulari Txikien Eguna ospatzeko. Hainbat txirrindulari batu dira hitzordura, bizikleta eta kaskoa buruan, herrian zehar itzulia egiteko, lagunen eta familiako kideen konpainian.
Ibilaldia amaitu ostean, hamaiketakoa egiteko geldialdia egin dute parte hartzaile guztiek: txokolate beroa eta opiltxoak eskuan, goizean zehar erabilitako indarrak berreskuratu dituzte. Otordua eta gero, goizeko unerik garrantzitsuena iritsi da: sarien zozketa, hain zuzen. Ur botilak, maillotak eta hiru bizikleta zozketatu dituzte parte hartzaileen artean, besteak beste.
Bizikletak konpontzeko zerbitzua, plazan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpainaren bueltan antolatutako ekintzak izango dira gaur, Lege Zaharren enparantzan, eguerdiko 14:00 arte.
Garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak dakartzan onurei buruzko sentsibilizazioa du helburu erakundeak Azahara Dominguez diputatuak dioenez, eta horren bueltan, bizikletak konpontzeko zerbitzua eskainiko dute Mugi txartel pertsonalizatua duten pertsona guztientzat.