Ohiko elementua da bizikleta herrian, eta asteburu honetan protagonismo bikoitza irabaziko du. Izan ere, horrekin lotutako ekintzak izango dira herriko hainbat puntutan, Mugikortasun Astearen barruan.
Alde batetik, XXIV. Txirrindulari Txikien Eguna ospatuko dute Salbiden, 6-12 urte bitarteko haurrentzat. Salbideko jolastokian hasi eta amaituko da proba, baina antolatzaileek garbi utzi nahi izan dute ez dela lehia izango, ibilaldia baizik. Horretaz gain, kaskoa derrigorrezkoa ere izango dela jakinarazi dute. 10:30ean hasiko da, eta amaitutakoan hamaiketakoa jasoko dute parte hartzaile guztiek. Gainera, zozketak ere egingo dituzte parte hartzen duten haurren artean.
Handik metro batzutara, Lege Zaharren Enparantzan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpainaren bueltan antolatutako ekintzak izango dira 10:30etik 14:00etara. Garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak dakartzan onurei buruzko sentsibilizazioa du helburu erakundeak Azahara Dominguez diputatuak dioenez, eta horren bueltan, bizikletak konpontzeko zerbitzua eskainiko dute Mugi txartel pertsonalizatua duten pertsona guztientzat.
Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, beharrezko laguntza eskainiko zaie Mugi txartela eskuratu nahi duten pertsona guztiei. Bizikletak konpontzeko zerbitzuaren onuradunak, gainera, zozketa batean sartuko dira: bi bizikleta eta 20 euroko 60 Mugi birkarga zozkatuko ditu erakundeak.
Xabier Txurruka Zarauzko alkateak "positibotzat" jo du ekimena, eta zera gehitu du: "Txikitatik, modu naturalean, bizikleta gure mugikortasunaren kulturaren parte da. Guztion artean, ohitura osasuntsu hori zaindu behar dugu, bizikletak oinezkoekin eta gainerako ibilgailuekin modu egokian bizi daitezen”.