Esperantzaren bila "barruan" jarraitzen dutenengatik

Julene Sorarrain 2025eko irailaren 19a

Ezkerretik hasita, Khadija Amin kazetari afganiarra, eta Patricia Viviana, Haurraldeko zuzendaria, asteazkenean Modelon. (Julene Sorarrain)

Afganistango talibanen erregimenetik ihes egitea lortu duten hiru emakumek ahotsa jarri diote herrialdeak bizi duen errealitate gordinari, asteazkenean Modelo aretoan eskainitako mahai inguruan.

Dagoeneko lau urte igaro dira talibanak boterera iritsi eta herrialde oso baten kontrola hartu zutenetik. Izan ere, Afganistan erregimen totalitario batean murgilduta dago mugimendu politiko islamistak agintea hartu zuenetik, eta biztanleriaren %50 guztiz hutseratuta geratu da. Talibanek herrialdearen kontrola hartu ahala, Afganistan oso leku arriskutsua bihurtu da emakumeentzat. Afganistango Emakumeen Elkarte Iraultzaileak (Rawa) argitaratutako murrizte eta tratu txarren zerrendaren arabera, emakumeek ezin dute jendaurrean barre egin, kirola praktikatu edota unibertsitatean ikasi, besteak beste.

Hiru emakume afganiarrek, ordea, beren herrialdearen errealitateari "ahotsa jartzeko" aukera izan dute asteazken honetan Zarautzen, eserlekuak goraino betetako Modelo aretoan. Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak eman zion irekiera Afganistango emakumeak: gaur egungo egoeraren azterketa izeneko hitzaldiari. "Helburu nagusia hausnartzea da, baita Afganistango emakumeei ahotsa ematea ere, talibanek kendu nahi dieten ahots hori entzun dadin". Horretarako, duela hiru urte Afganistandik ihes egitea lortu zuten bi ahizpa gonbidatu zituzten hitzaldira, baita Khadija Amin ere, Madrilen bizi den kazetari eta aktibista afganiarra.

Hitzaldian Khadija Amin kazetariak eta izenik eman ezin duten bi ahizpa ginekologok hitz egin zuten

Izenik eta aurpegirik eman ezin duten bi ahizpek 2022ko otsailean utzi zuten atzean beren jaioterria, eta geroztik Euskal Herrian bizi dira. Ez dira emakume arruntak, ezta gutxiago ere, biek dute Medikuntza titulua, urte askotako lan esperientzia, eta, era berean, bereziki aparta den istorio bat.

Aminek, berriz, Afganistango herritarrei egun onak emanez hasi zuen abuztuaren 15eko eguna, duela lau urte. Ordu gutxi batzuen ondoren, langabezian geratu eta bere bizitzak 180 graduko itzulia eman zuen. Hiru urte daramatza Espainiako Estatuan, eta Esperanza de libertad izeneko programa zuzentzen du gaur egun, emakume afganiarrei laguntzeko egitasmoa, hain zuzen.

Erabat ikusezinak

Aurtengo abuztuaren 31n, 6 graduko lurrikara izan zen Afganistanen; zehazki, Jalālābеtik 27 kilometrora. Lurrikararen ondorioz, 2.200 pertsona inguru hil eta 3.600 baino gehiago zauritu ziren, emakumeak eta haurrak haietako asko. Emakume haiek, ordea, ezin izan zuten medikuen laguntzarik jaso, talibanen erregimenak debekatu egiten baitu gizonek euren arreba, alaba edo emaztea ez den edozein emakume ukitzea. Horren ondorioz, emakume askok bizia galdu zuten –haietako asko haurdun zeuden–, eta Afganistango gizartea, beste behin ere, galdutako etorkizun baten sinbolo bihurtu zen. Gainera, komunikabideek, talibanen aginduz, ezin izan zuten gertaeraren berri eman, eta beste behin, bertako emakumeak itzalean geratu ziren, erabat ikusezin.

Hitzaldiko hiru parte hartzaileek argi dute: talibanen erregimenak "100 urteko atzerapena" ekarri du Afganistango gizartera. Ahizpen kasuan, bizimodu normala izatetik lanera joateko nahitaez burka janztera igaro ziren. "Emakumeak ezin gara kalera irten mahram baten laguntza izan ezean, hau da, gure gertuko gizon batena". Era berean, biek nabarmendu zuten gobernu aldaketa horrek "trauma handia" eragin diela emakumeei, eta ezin direla lasai bizi, euren jaioterritik kilometro askora egon arren.

"Hasieran, beste etorkin asko bezala, errudun sentitu nintzen. Baina, orain, barruan jarraitzen dutenei laguntzeko aukera gisa ikusten dut"

Khadija Amin
(kazetaria)

Bi ahizpak ginekologoak dira, eta duela urte batzuk arte, beste edozein pertsona bezala aritzen ziren lanean. Talibanak iritsi direnetik, ordea, emakumeek gizon baten laguntza behar dute bileretara edo lan kontuetara joateko. "Nik ez dut senarrik, eta aitak edo anaiak, lanean ari direnez, ezin didate lagundu". Erregimena baino lehen, "denetik" zutela azpimarratu zuten ahizpek, eta talibanen iritsierarekin, "traumatizatuta" amaitu dutela, lanean jarduteko aukerarik gabe.

Aminen kasua ez da oso bestelakoa. Kazetaria eta orain aktibista, goizeko albisteak eman eta ordu gutxira kaleratzearen berri eman zioten, arrisku handian zegoela abisatuz. Nagusiak eman zion albistea, erredakzioa ia hutsik baitzegoen bera iritsi zenerako. Hiru egun etxean giltzapetuta igaro ondoren, kalera irteteko beldurrez, herrialdetik ihes egitea lortu zuen, Espainiako armadaren laguntzarekin. Aminek dena atzean utzi zuen: bere haurrak, familia eta lanbidea. Hasieran "kulpa handia" sentitu zuela kontatu zuen, izan ere, bere familia "abandonatu" behar izan zuen etorkizun hobe baten bila. "Hasieran, beste etorkin asko bezala, errudun sentitu nintzen. Baina, orain, barruan jarraitzen dutenei laguntzeko aukera gisa ikusten dut".

Hezkuntzaren garrantzia

Afganistango neskek debekatuta dute ikasten jarraitzea 12 urte bete ondoren. Adin horretatik aurrera, erlijio mintegietan sartu beharra dute. Amin harritu egiten da hemengo neskek dituzten ametsekin, Afganistangoekin alderatuta. "Han, neska gazteek mutilek bezala jantzi nahi dute, ikasten jarraitu ahal izateko. Batzuek azterketak nahita suspenditzen dituzte, ikasturtea errepikatu eta gehiago ikasi ahal izateko".

Talibanek hezkuntza kontrolatzeaz gain, "Afganistango hamar probintziatan Interneterako konexioa eten" dutela kontatu zuten. Hori arazo bat da online ikasten ari diren neskentzat, zaildu egiten baitie eskola klandestinoetan prestatzen jarraitzea. Egoera horren aurrean, Aminek Esperanza de libertad izeneko programa sortu zuen aurreko urtean. "Helburua da barruan jarraitzen dutenei laguntzea, eta hezkuntzarako aukera bat eskaintzea". Era berean, 34 emakume Espainiara eramatea lortu dute, baina Aminek onartu zuen tramite "oso zaila" dela hori.

"Genero apartheida gizateriaren aurkako krimen gisa" jasota gera dadin nahi du Haurralde erakundeak

Herrialdearen eta, batez ere, emakumeen etorkizunaz galdetzean, hiru gonbidatuek iritzi ezberdinak partekatu zituzten. Ahizpetako baten kasuan, "baikor" agertu arren, herriarentzat etorkizunik ez duela ikusten onartu zuen. "Afganistanek Europan dituen zenbait enbaxada talibanekin bat egiten hasi dira, eta horrek asiloa lortzea larriki zailtzen du". Beste ahizpak, berriz, etorkizuna "zalantzazkoa" dela uste du. 2021ean, bere amak lanbidea utzi eta etxeko lanak egin behar izan zituen, nahiz eta ikasketa maila oso ona eduki. "Etengabeko beldurrez bizi gara duela hiru urtetik, eta horrek segurtasun ezaz betetzen du emakumea". Aminek, bere aldetik, publikoa harrituta utzi zuen adierazpen bat egin zuen, izan ere, kazetariak egunen batean Afganistango presidente izatera iritsi nahi du. "Helburua da berdintasuna egotea gizonaren eta emakumearen artean, eta ez bizitzen ari garen genero apartheida".

Hitzaldia amaitzeko, Patricia Viviana Haurralde fundazioko zuzendariak herritarren eta, batez ere, gainontzeko erakundeen parte hartzea "beharrezkoa" dela gaineratu zuen. Haurraldek emakume eta neska afganiarren hezkuntza eta ahalduntze eskubidea bermatzea du helburu, eta horretarako behar-beharrezkoa ikusten dute eragin politikoa ikusaraztea, "genero apartheida gizateriaren aurkako krimen gisa" jasota gera dadin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide