Abendura arteko kultur eskaintza ezagutarazi du udalak

Intza Trula 2025eko irailaren 19a

Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzia eta Kultura departamentuko teknikariak udazkeneko programazioarekin. (Zarauzko Udala)

Sarrerak gaur 19:00etatik aurrera egongo dira eskuragarri, Modelo aretoko leihatilan. Irailaren 26an izango da programazioaren barruko lehen emanaldia: Igogailu batean amaitu zen mundua komedia, hain justu.

Zarauzko Udalak irailaren amaieratik abendura arteko kultur ekitaldien egitarauaren berri eman du. Urtero legez, musika, dantza eta antzerki emanaldi eskaintza oparoa prestatu du, haur, gazte zein helduen gozamenerako. Sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai, Modelo aretoko leihatilan, 19:00etatik aurrera.

Irailaren 26an abiatuko da Zarauzko Udaleko kultura departamentuak antolatutako ikuskizun programazioa, Amahiru konpainiaren Igogailu batean amaitu zen mundua komediarekin. Komedia "klaustrofobiko" honek barrea ez ezik, ikusleengan hausnarketa eragitea du xede. Donostiako 2025 Poltsiko Sorkuntza Saria eskuratu zuen proiektuak.

Helduentzako antzerkien barruan, beste hiru antzezlan ere ikusi ahal izango dira Modelo Aretoan. Azaroaren 28an izango da bat, Hika teatroaren eskutik. Zorretan du izena tragikomediak, eta maitasuna, amatasuna eta zaintza ditu ardatz. Abenduan, Zuhaitz Gurrutxagak bere azken bakarrizketa aurkeztuko du herrian, Nortasun agiria. Aurreko emanaldiak bezala, bizipen pertsonaletan oinarritutako emankizuna izango da honakoa.

Tanttaka teatroak ere parte hartuko du udalaren kultur programazioan. Hain justu ere, Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? komedia tragikoa antzeztuko dute Aitziber Garmendiak, Telmo Iruretak eta Mireia Gabilondok. Gai sakon ugari jorratzen ditu antzezlanak, umore ukitu batekin.

Antzerkiaz ez ezik, musika emanaldiez gozatzeko aukera ere izango da datozen hilabeteetan herrian. Lilly Hiatt eta Olatz Salvador musikariek kontzertu bana emango dute egitarauaren barruan. Hiatt estatubatuarrak Forever diskoa aurkeztuko du, eta donostiarrak, berriz, Zainak eman diskoa defendatuko du taula gainean.

Dantza emanaldiak ere iragarri ditu udalak: Asturiasko Zigzag Danza konpainiak Postales rotas emanaldia eskainiko du urriaren 24an. Proposamen "bisual indartsua" da, eta bere jaioterria utzi duen emakume gazte baten bidaia du oinarri. Hala, aipatu emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, Modelo aretoan.

Haurrentzako eskaintza

Haurrei zuzendutako hitzorduak ere izango dira urte amaierara arte, urriaren 12tik aurrera. Scrooge eta mamuak Charles Dickensen obran oinarritutako lana ikusi ahal izango da egun horretan, Khea Ziater konpainiaren eskutik. Azaroaren 9an, berriz, dantza eta ipuinak ardatz dituen Amama lana taularatuko du Aukeran Dantza Konpainiak. Zazpi ipuin kontatuko dituzte, euskal lurraldeetako herri bakoitzeko gai eta pertsonaietan oinarrituta.

Aurrerago, abenduaren 19an, familia osoarentzako Euskelelea taularatuko du Euskal Barrokensemble taldeak, musika eta kantua uztartuz. Emanaldi hau berezia izango da gainera: Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleek ere parte hartuko dute dute bertan.

Modeloko programazioa beste hainbat elkarte eta udaleko departamentuk antolatutako emanaldiekin osatuko da; hala nola Zarautz Trik kultur elkarteak V. Zarautz Trik Jaialdia aurkeztuko du azaroaren 14an.

Erakusketak

Hilabete hauetan zehar Sanz Eneako erakusgelak ere egunero egongo dira zabalik, 18:00etatik 20:00etara, eta ondorengo bildumak ikusi ahal izango dira bertan:

  • Irailaren 21 arte: Gertrud Pielhoff.
  • Urriak 2-azaroak 9: Malen Agirre, pintura.
  • Azaroak 14-urtarrilak 19: XXXIII. Ramon Ignacio Serras Zarauzko Nazioarteko Argazki Mostra.

Torre Luzeako erakusgela, berriz, asteartetik igandera egongo da herritarrentzat zabalik, 18:00etatik 20:00etara.

  • Irailaren 14ra arte: Helena Elbusto. Posturak, Nymphaea lotus.
  • Irailak 25-azaroak 2: Imanol Urdanpilleta, pintura.
  • Azaroak 7-urtarrilak 4: Zarauzko Argazkizale Elkartearen erakusketa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide