Zarautz Trik taldeak antolatuta, Errautsak hauspotzen dokumentala eskainiko dute bihar, hilak 19, Modelo aretoan. 19:00etan izango da emanaldia, doan, eta bertan, duela urte batzuk Azpeitian sortutako ikus-entzunezkoa botako dute.
Azpeitiko Trikigiro elkartearekin lankidetzan egingo dute emankizuna, eta dokumentala eta gero solasaldi bat ere izango da proiektuaren arduradunekin. Zehazki, Urola Erdiko trikitixaren fenomenoa eta horrek euskal kulturari egindako ekarpena aztertzen dituzte aipatutako proiektuan, eta dokumentalaz gain, liburu bat eta trikitilarien bideografiak jasotzen dituen bilduma sorta ere biltzen dira egitasmoan. Bide horretan, proiektuaren helburu nagusia izan da "Urola Erdiko trikitixaren inguruan sortu den kultur ondarea jaso eta transmititzea".