Aitor Frantzesena 'Gallo': "Min hartuta irabaztea are bereziagoa da niretzat"

Mireia Galarza Bastida 2025eko irailaren 17a

Aitor Frantzesena 'Gallo' Munduko Txapelketako eta US Open Adaptive Championship txapelketako garaikurrekin. (BAT Basque Team)

Ez bat, ez bi, ez hiru. Seigarren aldiz lortu du Aitor Frantzesena Gallo surflariak munduko txapeldun izatea. Kelly Slaterrek du errekorra, 11 alditan nagusituta. Surfaz gain, aurrera begira, bestelako helburuak ere badituela azaldu du zarauztarrak, tartean, azaroaren 12an aurkeztuko duen Surfear la vida liburua. 

US Open Adaptive Championship txapelketa irabazita, munduko txapeldun bilakatu zen seigarrenez Aitor Frantzesena Gallo (Zarautz, 1970) surflaria hilabetearen hasieran. Adinak eta lesioek barkatzen ez duten garaietan, "borrokan" jarraitzeko prest agertu da kirolaria aurrerantzean ere. 

Nazioarteko seigarren garaipena lortuta, nola sentitzen zara?

Oso pozik, nola ez. Lehenik kirolaria izan nintzen, jarraian entrenatzailea, eta gero geratu nintzen itsu. Istripua gertatu zitzaidanean aukera izan nuen surfean jarraitzeko, eta lehiaketetan parte hartzen segitzea bada niretzat gaztaroa berriz bizitzeko modu bat. Beraz, pozik nago oraindik txapelketetan jarraitzeko aukera izan eta lorpenak erdiesten segitzen dudalako. 2015ean joan nintzen mundu mailako lehen txapelketara, eta hurrengo urtean, 2016an, irabazi nuen lehendabizikoz. Zoragarria eta berezia da harrezkeroztik sei aldiz titulu hori lortzea, geroz eta jende gazteagoarekin borrokatuta, gainera. 

Lesio bat edo beste izan duzu aurten.

Bai. Irabazi dudana zirkuitu bat da, hiru probatan jokatu duguna. Lehena Australian izan zen, bigarrena Hawaiin, eta azkena Kalifornian. Bigarren proban, ordea, sorbaldako tendoi bat hautsi nuen, baina banekien udan zehar zainduz gero eta azken proban gutxieneko lanak ondo eginda aukera nuela Kalifornian munduko txapeldun izateko. Beraz, horixe egin dut; asko zaindu dut fisikoa azken hilabeteetan, eta ahalik eta gutxien surf egiten saiatu naiz, sorbalda are gehiago ez okertzeko. Horrez gain, Basque Teameko medikuarekin mina kentzeko medikazio dosi egoki bat bilatzeak asko lagundu dit. Orain kirofanora sartuko naiz, tendoian ebakuntza egitera. Aldaka higadura ere badut, eta asmoa da hori ere datorren denboraldirako zaintzea, hobeto lehiatzeko. 

Zaintza horrek eragina izan du emaitzetan, beraz. 

Bai, bai, noski. Azkenean, entrenatzailea izan naizen neurrian, garrantzi handia ematen diot planifikazioari emaitza hobeak lortzeko. Kasu honetan nire buruan aplikatu behar izan dut irizpide hori zentzu guztietan, elikaduran ere bai. Adibidez, egunerokotasunean arazorik gabe jango nituzkeen elikagaiak kontrolatu behar izan ditut txapelketara pisu gutxiagorekin iritsi eta azkarragoa izateko. Fisikoki horrela egonda –min hartuta– irabaztea are bereziagoa da niretzat. 

Itsasoa nolakoa izan zen azken proban?

Lehen egunetan olatu handiak zeuden, baina gero, pixkanaka, txikitzen joan ziren. Txikitu zirenean ez zeuden hain gaizki, baina finaleko azken egunean haizea sartu zen, eta horrek asko okertu zuen olatuen kalitatea. Hobeak izan balira tarte handiagoa aterako niekeen aurkariei, baina ez nuen horretarako aukerarik izan.   

Sei titulurekin, txapeldun izatera ohitu al zara?

Bat ez da sekula horretara ohitzen. Gainera ez zait horrelako zerbait esatea gustatzen, beste surflariei diedan errespetuagatik. Dena den, alderantziz ez dut ikusi behin baino gehiagotan errespetu hori, aurkarietako batzuk modu zatarrean irabazten saiatu direlako behin baino gehiagotan, eta hori ez da irabaztea. Nik esan dezakedana da gorputzak uzten didan neurrian modu lehiakorrean garaipenak lortzen saiatuko naizela aurrerantzean ere. 

Izan ere, lehiakorra izatea odolean daramazu. 

Bai, baina ez galtzen ez dakidalako, egiten dudana ondo egitea gustatzen zaidalako baizik. Gauzak gaizki ateratzen bazaizkit gaizki egin ditudalako izaten da, eta orduan haserretzen naiz. Ez naiz haserretzen galtzen dudalako. 

Surfaz gain, badituzu beste proiektu batzuk esku artean, ezta?

Bai, horietako bat da azaroaren 12an argitaratuko dudan Surfear la vida liburua. Liburuak erakusten duena da denoi gertatzen zaizkigula gauzak bizitzan, baina horiek kudeatzeko moduak asko baldintzatzen duela dena. Edozeini gomendatuko nioke irakurtzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide