Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatuta, Kostamendi zikloturista martxa egingo dute estreinakoz igande honetan. Ekainean iragarri zuten kirol egitasmoaren berri, eta hil honen hasieran agortu ziren dortsalak, 206 lagunen parte hartzearekin; horietatik 36 dira emakumezkoan eta 38 zarauztarrak, hain zuzen ere. Antolatzaileak oso pozik daude lehen edizioak izan duen "erantzun onarekin".
Ehun kilometroko ibilbidea izango du martxak, 1.250 metroko desnibelarekin, eta Zarauzko kiroldegi aurrean hasi eta bukatuko da; irteera 08:00etan egingo dute txirrindulariek, baina erabakitze dute oraindik Araba kaletik edo Zuberoa kaletik abiatuko diren. Kostatik joanda, Zumaiatik Itziar, Mutrikutik Kalbario eta Elgoibartik Azkarate igoko dituzte, eta handik Azkoitira jaitsiko dira, Azpeititik Iraetara hartzeko; Muniosoron, Meaga aldera hartu beharrean, Oikirantz hartu eta kostatik itzuliko dira. "Beraz, Kostamendi izena jarri diogu ibilbideari ohore eginez; kostatik gabiltzalako eta mendateak ere badituelako, alegia", nabarmendu dute antolatzaileek.
Estreinako edizioarekin batera, Usoa Ostolaza txirrindulari profesionala omendu nahi izan du Zarauztarra elkarteak. Bere hastapenak etxeko taldean egin zituela gogora ekarri nahi izan dute, hiru etapa jokatu baitzituen Zarauzko elkartearekin, egun egiten ari den bide aparta aitortze aldera. "Tamalez edo zorionez", ez da igandean Kostamendi zikloturista martxan izango. Izan ere, Kigalin (Ruanda) jokatuko den Munduko Txapelketan lehiatuko da Espainiako selekzioarekin, irailaren 21etik 28ra, eta datozen egunotan bertaratzeko hegaldia hartuko du.
Edonola ere, abuztua bukaeran martxaren aurkezpen ekitaldian izan zen Ostolaza, eta agerraldia probestu zuen Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak txirrindulari profesionala omentzeko. Ongi merezitako txapela eta mailota jaso zuen, eta Ostolazak pozez zein esker handiz jaso zuen aitortza.