Pentsiodunek protestei heldu diete

Intza Trula 2025eko irailaren 16a

Zenbait pentsiodun atzo Lege Zaharren Enparantzan egindako elkarretaratzean. (Utzitakoa)

Astelehenero elkartuko dira aurrerantzean, Lege Zaharren Enparantzan, pentsio duinen alde borroka egiteko. Gainera, hilaren amaieran Donostian eta Gasteizen egingo dituzten manifestazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Udako etenaldiaren ostean, kalera itzuli dira pentsiodunak, eta protestei heldu diete berriro ere. Lege Zaharren Enparantzan bildu ziren atzo eguerdian, eta aurrerantzean astelehenero gauza bera egingo dute, 12:00etan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak pentsio txikiak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko herri ekinaldi legegilea atzera bota du, eta erabakiarekiko desadostasuna erakutsi zuten atzo.

"Eusko Jaurlaritzak euskal gizarteari sinetsarazi nahi dio Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak okerreko eskaera egin duela, eta okerreko tokian", azaldu zuten atzoko agerraldian. Eusko Jaurlaritzak pentsiodunek lortutako 145.142 sinadurarekiko "mespretxua" erakutsi duela gehitu zuten: "Herritarren parte hartzeari buruzko diskurtsoa beraientzat hitz hutsa baino ez dela erakutsi dute, marketin hutsa".

Halaber, astelehenetako herrietako elkarretaratzeez gainera, datozen asteetarako hainbat mobilizazio iragarri dituzte: irailaren 20an Donostian egingo dute, eta 25ean Gasteizen. Azken honetara joateko autobusa antolatu dute, eta izena emateko aukera zabalik dago jada. Autobusa 08:30ean aterako da Zarauztik, eta 12 euro ordaindu beharko da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide