Erle-produktuak: osasun-iturri liburua argitaratu berri du UEUrekin Martxel Aizpurua Agirrek (Alegia, 1949). Langatu kale-baserrian jaioa, bederatzi urtez ikasi zuen Donostiako apaizgaitegian. Bartzelonan Biologia eta Palinologian espezializatu zen eta urtebetez aritu zen Donostiako Santo Tomas lizeoan irakasle. Zazpi urtez UZEIko Natura Zientzietako hiztegien arduraduna izan zen Biologiako terminologia lantzen, eta aldi berean UEUn Natur Zientzietako Sailaren arduraduna izan zen. Donostiako Aranzadi Zientzia Elkartean ikerketan aritu zen Paleopalinologian 1984tik 2014ra. Azken 35 urteotan, profesionalki ari da erlezaintzan. Zarauzko Arkamurka Natura Elkarteko partaide da azken 30 urteetan, bertan bizi denetik. Hainbat argitalpen egin ditu, bakarka eta lankidetzan, eta erleen gaiaren inguruan UEUrekin argitaratzen duen hirugarren liburua da hau. 2020an Erleekin solasean liburua argitaratu zuen eta 2023an Erletxo, erletxo, nagusia hil da.
Duela lau hamarkada erle-mundua marjinala zela diozu, mundu magikoari loturikoa.
Nik batik bat Gipuzkoako egoera ezagutu dut, hor hasi nintzelako profesionalki, duela 40 urte inguru. Erleak baziren han eta hemen, baina, oro har, horien zaintza nahikoa utzia zegoen. Baziren, noski, erle-kopuru polit batekin ari zirenak ere. Sozialki, ordea, erabat marjinala zen. Erosten zen eztia kanpokoa zen. Alcarriatik (Espainia) etortzen ziren kalez kale eztia saltzera. Eztiak bazuen estimua, eta oso preziatua zen; etxe gehienetan egoten zen eztia, katarro aldirako edo, baina ez zen eguneroko kontsumo-gai.
Aldundira profesionalki sartu zen lehen erlezaintzako espedientea nirea izan zen (1983). Halaber, nire eztitegia izan zen Gipuzkoan osasun-erregistroa lortu zuen lehena (1988). Gipuzkoako Erlezain Elkartea (GEE) sortu genuen 1986an; izugarrizko harrera ona izan zuen. Barroa akaro suntsitzailea heldu zen 1988an eta, GFA lagun, GEEk botikak banatu zituen, ikastaroak herriz herri eman, erlauntz modernoak banatu…
Eztiaren Eusko Labela sortu zen 1993an, eta bide horretan sartu ginen erlezain batzuk. Ezti ekologikoaren araudia ere onartu zen Europan (2008) eta bide horretatik ere sartu ziren beste batzuk. Bertako erlearen hobekuntza genetikoa ere abiatu zen ondoren. Hamarkada garrantzizkoak izan dira azken hauek Gipuzkoako erlezaintzarako.
Erle-produktuetan jakin-min handiagoa dago gaur egun?
Nire ustez, erle-produktu desberdinen erabilera da handitu dena. Duela 40 urte ez ziren erabiltzen, adibidez, polena, propolia, erregina-jelea edo pozoia. Orain botiketan, ferietan, naturisten kontsultetan, eta abar ikusten direnez, jendeak informazioa nahi du horiei buruz.
Osasunarekin lotzen dira...
Bai, erle-produktu klasikoak (eztia, polena, propolia, erregina-jelea eta pozoia) osasunarekin lotzen dira. Liburuaren muina horretan datza; alegia, produktu horiek osasunean ba al duten eraginik, eta, baldin badute, zergatik duten. Nire liburuan zuzenean gorputzeko osasunarekin zerikusirik ez duen produktu bat ere sartu dut, polinizazioa, alegia. Intsektu polinizatzaileek ematen diguten ondasun bat da polinizazioa; batetik, intsektu polinizatzaileek gure nekazaritzako landareen emaitzak asko handitzen dituztelako, eta, bestetik, biodibertsitatea bermatzen dutelako. Intsektuen galerarekin ingurumena suntsitzeko dugun arriskuaz ere aritu naiz.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen UEUren webgunean.