Gure arteko egunkari batean, lerroburua: "La joven vasca que asegura que 'el euskera es una lengua similar al japonés'" Harri eta zur, aizue. Irakurtzen jarraitzeko ausarkeria egin nuen, eta espero nuena zen: gaian ezjakin konpleto bat tontakeria batzuk esaten. Pare bat minutu bakarrik galdu nituen, eta bueno, hainbestean.
Baina, aitortu dezadan: haserre eta kezkatuta gelditu nintzen. Aspaldikoa dut kezka, eta badakit ez dela nirea bakarrik: uste gehitxo, nire uste-aren olatuan gaude. Pasatu gara iritzia izatetik eta batzuetan ematetik, pentsatzera gure iritziak beste edonorenak adina balio duela edozeri buruz.
Ez dakit eremuren bat libratzen ote den. Adierazgarria iruditzen zait unibertsitatera ere olatua iritsi izana. Gaur egun ez da ezohikoa halako egoera bat: ari da irakaslea (eman dezagun, Blanca Urgell edo Miren Basaras) azalpen konplexu bat ematen, ikerketen emaitzak eta ehunka ordu lan egin duten adituen ezagutzak eskaintzen, eta, bat-batean, laugarren ilaratik sortzen da ahots zoli bat esanez "ba ni ez nago ados". Gehitxo uste...
Igual ez da hainbesterako ere? Konforme, noan urrutigo. Imajina dezagun geografia ikasketetan terraplanista bat agertzen dela, eta esaten diola irakasleari: "Ze Galileo eta ze otxokuarto, ez nago ados. Machito de Iberiak TikToken esaten du ezetz, eta milioi bat jarraitzaile ditu".
Hi, Alex, pasatzen ari haiz, esango didazue. Nahiago nuke hala balitz.
Baina zer egin horren aurrean? Zer egin egunkari ustez errespetagarriak ere joko horretan sartzen direnean? Nola egin kontra sare sozialetan hainbeste jarraitzaile dituen eta arrakasta hain azkar lortu duen bati? Arrakastaren gaurko parametroetan, Basarasek 0, Machito de Iberiak 1.
Horrek badu beste hari bat, beharbada noiz edo noiz hona ekarri beharko nukeena: ez da kasualitatea ultraeskuinean (edo hurre) daudenak txapapote horretan txaplaka gustura ibiltzea.
Nik ez dakit zer egin dezakegun. Pentsatzen dut derrigortuta gaudela horretan ez erortzera. Pentsatzen dut, Gregorio Luriren liburua parafraseatuz, obligazio morala daukagula inteligenteak izateko. Saiatzeko, behintzat. Hasteko, dakienari entzun, eta ez dakigunean isildu.
Ai, eta ez ote zen notizia Japoniara iritsiko; gaixoak…