Ikasturte hasiera dela eta, Eskola Bideak berritu eta moldatu ditu Zarauzko Udalak. Zehazki, Lehen Hezkuntzako haurrak beren ikastetxeetara taldeetan eta modu seguruan joateko diseinaturiko ibilbideak dira, eta horien xedea da haurrak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea. Aldi berean, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da beste helburuetako bat.
Iker Basurko Mugikortasun zinegotziaren arabera, eskola giroan mugikortasun aktiboa sustatzea "tresna eraginkorra" izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz ohartarazteko. “Era berean, haurrak modu seguruan mugitu daitezenaren erantzunkizuna herritar guztiena bihurtzen da, eta segurtasun horrek ahalbidetzen du haurrak geroz eta gazteago modu autonomoan mugitzea", gehitu du.
2019tik gaur egunera arte
Eskola Bideak 2019an osatu zituzten lehenengo aldiz. Orain, 2025ean, Zarauzko Udalak bide horiek berregin ditu, Zarautzek azken urteetan izan dituen aldaketak ibilbide berrietan txertatzeko, hala nola Salberdin auzoa edo Gaztainpeko trenbide azpiko pasabidea.
Gainera, erakundeak azterketa bat jarri zuen martxan udaberrian Eskola Bideen erabileraren inguruan. Azterketa honetatik ateratako datu eta ondorioak, baina, Mugikortasun Astearen baitan jakinaraziko ditu.