Zarautz Palestina herri ekimenaren eskertza

Zarautz Palestina herri ekimena 2025eko irailaren 10a

Joan den ostiralean egindako elkarretaratzean, Palestinaren aldeko materiala saltzen. (Aritz Mutiozabal)

Joan den ostiralean egindako elkarretaratzea eta gero, eskertza hitzak adierazi nahi izan ditu Zarautz Palestina herri ekimenak Zarautz Gukaren bitartez. 

Zarautz Palestina herri ekimena, Gernika Palestinaren partaide dena, hainbat ekitaldi antolatzen ari da 2023ko udazkenetik, Palestinako herriari "elkartasuna adierazteko" eta Israelgo gobernua Gazan eta Zisjordanian egiten ari den "genozidioaren aurka protesta egiteko". Aipatutako taldeak eskerrak eman nahi dizkie deialdi horiekin bat egin duten herritarrei.

Halaber, banderak erosi dituzten guztiei dei egin diete beren jarrera "harro erakutsi" eta horiek balkoietan zintzilikatzeko. Gainera, taldeak jakinarazi nahi izan du dohaintzekin, nahiz bandera, zapi eta txapen salmentarekin lortutako dirua Palestinaren aldeko ekintzetara bideratzen dutela, eta Gazara ere bidaltzen dela Gernika Palestina taldearen bidez.

"Hurrengo ekitaldietan elkar ikusiko dugulakoan, anima zaitezten eskatzen dizuegu, guztion artean, politikariek eta erakundeek isiltasun konplizea utz dezaten", azaldu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide