Iraila iristearekin zabaldu du Zarauzko Udalak Udal Euskaltegian izena emateko epea. Hain zuzen ere, 2025-26 ikasturtean askotariko ikastaroak eskainiko dituzte Euskaltegian, eta matrikulazioa martxan da dagoeneko.
Aurtengo matrikulazio kanpainarako hautatu duten leloa Euskara erritmo bizian da, eta bi mezu helarazi nahi dituztela esan dute Euskaltegiko ordezkariek. "Batetik, euskara ikastea prozesu bizia eta dinamikoa dela; eta bestetik, ikastea soilik ez, erabiltzea dela funtsa, euskarari bizia ematea".
Hastear den ikasturtean aurrez aurreko euskara saioak eta autoikaskuntza zerbitzua eskainiko dituzte Zarauzko Euskaltegian. Aurrez aurreko taldeetan C1 mailara arteko saioak eskainiko dituzte, eta autoikaskuntza sistemaren bidez, berriz, maila guztietakoak.
Halaber, azken urteetako gisan, jubilatuentzako saioak, herrira iritsi berrientzako AISA-Harrera ikastaroa eta kanpotik Zarautzera etorritako DBHko gaztetxoentzako euskara indartzeko saioak ere eskainiko dituzte. Horrez gain, herritarrek aukera izango dute Mintzalagun programan parte hartzeko.
Euskara ikasi nahi duten herritarrek irailaren 19ra arte izango dute ikastaroetan izena emateko aukera, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 19:00etara. Horretarako hiru bide jarri dituzte: Iturribide kaleko 28-30 zenbakietan kokatuta dagoen Euskaltegira jo; 943-13 11 53 edo 943-83 50 84 telefono zenbakira deitu; edo euskaltegia@zarautz.eus helbidera mezua idatzi.
Zehaztapen hainbat
Aurrez aurreko taldeetako ikasleek bi orduko saio izango dituzte: oinarrizko mailetakoek –A1 eta A2– astean lau saio, astelehenetik ostegunera; aldiz, B1, B2 eta C1 mailetakoek astean hiru saio izango dituzte –astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan–. Zarauzko Euskaltegian goizez, arratsaldez eta gau partean eskaintzen dituzte ikastaroak, eta maila berdintsuan diren ikasleak taldeka banatzen dituzte.
Autoikaskuntza sistemaren kasuan, herritarrek ez dute Euskaltegira joan beharrik izango, etxetik ikasteko aukera izango baitute. EuskaraOn izeneko bat Euskaltegi digitala du sortua Zarauzko Udal Euskaltegiak, eta hala nahi duten herritarrek etxean lan egiteko materiala eskuratu ahal izango dituzte gune horretan.
Oinarrizko mailako ikasleek astean tutoretza ordu bat izango dute, eta gainerako mailetakoek, hamabostean behin. Tutoretza eguna eta ordua ikasleak eta irakasleak adostuko dituzte, eta hitzorduak aurrez aurre edo Internet bidez egin ahal izango dituzte horiek.
Bestalde, ikasleek astero ordubeteko edo ordu eta erdiko taldeko mintza praktika saioa ere izaten dute. C2 mailako ikasleak astero elkartzen dira tutorearekin, eta harekin lantzen dute mintzamena.
Ikasteko laguntzak
Zarauzko Udalak euskara ikasteko bekak edo laguntzak eskainiko ditu aurten ere. Udal Euskaltegian ikastaroren bat egiten duten herritarrei matrikularen zenbatekoaren %75a itzuliko die erakundeak, eta ikastaroa gauzatzen ari diren aldian lanik gabe daudenei eta saioen %80ra joaten direnei, berriz, zenbateko horren %100a.
Familia ugariek matrikularen prezioan %50eko hobaria izango dute, baita guraso bakarreko familiek ere. Tarifa soziala dutenek, berriz, matrikula %100ean ordaintzeko hobaria jasoko dute.
Bestalde, HABEk ere eskainiko ditu laguntzak 2025-26 ikasturtean. Besteak beste, matrikularen zenbatekoa ordaintzen lagunduko die erakunde horrek A1 eta A2 mailetako ikasleei nahiz C1a lortu nahi duten 16 eta 18 urte bitarteko ikasleei. Halaber, HABEren azterketaren bat edo B2ra arteko mailaren bat gainditzen duenak ere izango du erakundeari diru laguntza eskatzeko aukera.