Genozidioa stop! lelopean, mobilizazioak deitu zituen atzo Gernika-Palestina egitasmoak Euskal Herriko herri eta auzoetan. Herrian ere Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatzeko protesta zaratatsua egitera atera ziren kalera, Zarautz Palestina herri ekimenaren bitartez, eta kazola-jotzea egin zuten arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan
Herritar ugari batu zen Palestinarekiko elkartasuna adieraztera eta Gazaren kontrako triskantza gogor gaitzestera. Palestinako banderak airean, zapiak lepoan eta kazola nahiz zartagin hots etengabea, baita txistuak ere. Hogei minutuko burrunba etengabe egin zuten, eta amaitzeko, hainbat aldarri egin zituzten, "Palestina askatu!", "Ez da gerra bat, genozidio bat baizik" edota "Israel hiltzaile, Europa laguntzaile" bezalako oihuekin. Txalo zaparrada batekin biribildu zuten protesta.