Zarauzko Udaleko Turismo, Ekitaldi eta Jaietako Departamentuak orga lehiaketa antolatu du aurten ere Euskal Jai egunean, eta, ohi bezala, 2.300 euro banatuko ditu saritan. Irabazleak 500 euro jasoko ditu, bigarrenak 300 euro eta hirugarren sarituak 200 euro; gainontzeko 1.300 euroak lehiaketako gainerako parte hartzaileen artean banatuko dituzte, baldin eta aurkezten diren orgek nahikoa maila baldin badute, eta bakoitzari gehienez ere 150 euroko saria emango zaio.
Zarautzen erroldatuta dagoen orok parte har dezake lehiaketan, eta izena Turismo Bulegoan eman beharko da; horretarako azken epea astelehenean, irailaren 8an, 13:00etan amaituko da, gainera. Parte hartzaileek 13:00etarako aurkeztu beharko dituzte orgak Lege Zaharren enparantzan, Euskal Jai egunean, eta orduan egingo dute sari banaketa.
Izena emandakoan zenbaki bat jasoko du parte hartzaile bakoitzak, eta zenbaki hori erakusgarri eduki beharko du lehiaketaren egunean. Orga atontzeko eta apaintzeko gaia librea izangatik ere, euskal kulturaren edo Euskal Jaietako ohiturekin zerikusia izan beharko du.