Ez naiz liburuak azpimarratzen dituen irakurle horietakoa. Berez, irakurtzen ez duen idazle horietakoa nintzateke. Liburuak pilatzen ditut mesanotxean eta baldan, hautsez bete daitezen erosten ditut. Berriki, ordea, bada beste paturik izan duen liburu bat, mesanotxea ukitu ere egin baino lehen hiru aldiz irakurri dudana, eta bigarren itzulian azpimarratzera ere ausartu naizena. Lagun baten "zerbait kontatu behar dizut" da liburu hau: Sara Uribe-Etxeberria Atxurraren Kuntzak eta Kerak.
Duela pare bat uda ezagutu genuen elkar Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen Urruzuno literatur lehiaketako egonaldian, eta zorionez, kultur munduan arnasten den norgehiagoka ez zen gure artean gaiztotu, bidelagun bihurtu gintuen baizik. Egonaldi amaierako sinadura eta oharretan gora eta behera ibili ziren Zumaia eta Zarautz, zein hartz kume panpinak; eta azken horietako bat hezurmamitu da, eta pauso erraldoiz doa aurrera.
Egonaldian bazen halanolako atmosfera berezi bat, Arantzatik (Nafarroa) kostara jarraitu gintuena, eta orain Saruk atmosfera propio bat sortu du 41 poemaz osatutako bilduma batean. Berria-ko albistea bidali zuten Urruzunoko Whatsapp taldera: "Sara Uribe-Etxeberria Atxurrak irabazi du VIII. Donostia Kultura poesia lehiaketa", eta bat-batean zentzua hartu nion pare bat aste lehenagoko "zerbait kontatu behar dizut" mezuari. Liburuaren aurkezpenean izan nintzen, eta ez naiz gai hitzetan azaltzeko zer-nolako harrotasuna sentitzen den maite duzun norbait maite duen hori aurrera eramaten ikustean, lagunaren izena liburu baten azalean irakurtzean, oso-osorik berea den liburu bateko lerroak miatzean. Lerro horietako batzuek Arantzara naramate, eta bertan harrotasuna nahasten da oroiminarekin, bitxia da bularraldean gordetzen dudana, hainbeste, malko bat ere ihesiko zaidala pozaren pozez.
Arantzan ere isuri genituen malkoren bat edo beste. Duela ez horrenbeste bertan ginen gaubela osteko delirioan ametsez eta beldurrez mintzatzen, liburu bat argitaratzearena lehenengo multzoan sartzen genuelarik, eta zer ederra den multzo hori egia bihurtzen ikustea.