Joan den astean kanporaketak jokatu ostean, Bertsolari Gazteen 49. Lizardi Sariko finala jokatuko dute gaur iluntzean. Hain zuzen ere, Irati Alcantarilla, Elixabet Etxandi, Janire Arrizabalaga, Iker Ormazabal Tturko, Maddi Agirre eta Aimar Sorazu igoko dira Modelo aretoko oholtza gainera, 22:00etatik aurrera. Bertaratzeko gonbidapenak saioa hasi baino ordubete lehenago eskuratu ahal izango dirta Modeloko txarteldegian; 21:00etatik aurrera, alegia
Elixabet Etxandi izpurarra (Nafarroa Beherea) eta Irati Alcantarilla urruñarra (Lapurdi) izan ziren kanporaketa bakoitzeko garaileak, eta finaleko txartela zuzenean lortu zutenak. 209,5 puntu lortu zituen Etxandik osteguneko saioan. Puntu erdi gutxiagorekin, bigarren postuan geratu zen Iker Ormazabal Tturko, eta hirugarren postuan amaitu zuen Maddi Agirrek, 207 punturekin.
Alcantarilla, berriz, 217,5 puntu bilduta nagusitu zen ostiralean; kanporaketetako puntuazio onena lortu zuen hark, gainera. Janire Arrizabalaga bigarren izan zen, 209,5 puntu poltsikoratuta –Etxandik lortutako berak–, eta hirugarren Aimar Sorazu zarauztarra, 204,5 punturekin.
Iaz bezala, Amaia Urbieta Arruti ariko da gai-jartzaile lanetan finaleko saioan.